Gizartea -

Erreportajea - A25

Indarkeria matxista sare sozialetan: ukabilkada digitalak

Irainak, mehatxuak, ziberjazarpena, sextortsioa… Kalean bezala, sarean ere indarkeria sexistaren jomuga dira emakumeak. Horri aurre eginez, feministek euren espazio birtuala eraiki dute.

Emakume batzuk, indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze batean. EFE
Emakume batzuk, indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze batean. EFE
Emakume batzuk, indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze batean. EFE

Eider Garaikoetxea | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albaceteko mutil talde bat "La Manada bat egiteaz" mintzo da WhatsAppen. Chicagon emakume bati egindako bortxaketa bat zuzenean jarraitu dute 40 gizonek Facebook Live bidez; inork ez du salatu. Amanda Romero txiolariaren kasua ere badago: argazkiak lapurtu zizkioten, eta ForoCoches foroan jarri zituzten "osfo" (gaztelaniaz "txortan egingo al zenukete honekin?" esateko modu bat) izenburupean. Adibideok errealitate beraren aurpegi ezberdinak dira: sare sozialetako indarkeria matxistarenak.

Gizarte arras digitalizatu eta konektatu batean bizi gara: munduan pertsona baino sakelako gehiago dago, eta sare sozialen erabilera % 60koa da, Telefonica Fundazioaren "Gizarte Digitala Espainia 2017" txostenaren arabera.

Kalean gertatzen den gisan, sarean ere eraso matxisten biktima dira emakumeak. Erasook ez dute ubeldurik uzten, baina fisikoak bezain mingarriak dira, edo mingarriagoak.

Sare sozialek indarkeria matxista erraztu eta horren ondorioak handitu egin ahal dituzte. Izan ere, ezaugarri bereziak dituzte. Aurrena, hedatzeko gaitasuna: eduki partekatu bat milaka/milioika lagunengana hel daiteke oso denbora txikian (txio bat ekaitz digital perfektua bilaka daiteke ordu gutxian). Mundu digitalaren iraunkortasuna ere kontuan hartu behar da: eguneko 24 orduetan egon gaitezke konektatuta, asteko zazpi egunetan. Sare sozialetan anonimoak izan gaitezke: erasotzaileek sasi-izenak darabiltzate nahi bezala jarduteko. Geldiaraztea edo identifikatzea plataforma handi-mandien (Facebook, Twitter) esku geratzen da. Eta Googlek ez du ahazten, edo kosta egiten zaio ahaztea, kasurik onenean. 2014an ahaztua izateko eskubidea aitortu zuen Europako Justiziak, baina bilatzaileetatik eduki iraingarriak kentzea prozesu nekeza, luzea eta garestia bilaka daiteke.

Iritzi eske, Bilboko Faktoria Lilara jo dugu, bertako koordinatzaile den Irantzu Varelarekin hitz egitera. Kazetari eta militante feministari bat-batean bota diogu galdera: krudelagoa al da indarkeria matxista sare sozialetan? Argi du Varelak: "Sare sozialek kaleko errealitatea islatzen dute. Sareak matxistak, transfoboak edo arrazistak dira gizartea bera halakoa delako". Adibidea jarri digu, argigarri: "Astakeria bat botako dut: imajinatu animalia bati egindako basakeria batekin bideoa grabatu eta nire sareetan partekatzen dudala... Berehala moztuko litzateke. WhatsAppeko nire kontaktuek esango lidakete: 'Zertan ari zara? Jota al zaude?' Baina 18 urteko emakume bati taldean egindako bortxaketa jartzen baduzu, sarean zabaltzen da… Eduki bat biral bihurtzeko ez da eskuko telefonorik behar, berriro bidaltzeko botoia sakatuko duten pertsonak behar dira".

Eta, egon badaude. Gainera, ez dira gutxi batzuk eta ez daude 'kobazuloetan' sartuta. "Feministak jazartzeko soldatapean dagoen jendea dago. Irainengatik salaketa jarri duten emakumeek deitu didate, eta konturatu gara euren jazarleak eta nireak pertsona bera direla, IP beretik ari direlako. Orain aho betean esan dezakezu feministen kontrakoa edo matxista zarela, eta, gainera, lagunak egingo dituzu sarean. Sare sozialetan profilak dituzte, etiketak, buruzagiak eta publizitatean inbertsio milioidunak", kritikatu du Varelak.

IRANTZU VARELA JOHANNA ARZOZ HORDAGO

Varela, Factoria Lilaren kanpoaldean. Argazkia: Johanna Arzoz

ForoCoches da matxisten eta misoginoen topaguneetako bat sarean. Espainiako Estatuan gehien bisitatzen diren 50 webguneen artean dago, eta erabiltzaile aktibo gehien dituen gaztelaniazko foroa da (310.000 kontu aktibo, % 90 gizonezkoenak). Sanferminetako talde bortxaketaren biktimaren datu pertsonalak eta argazkia foro horretan argitaratu zituzten. Sartzeko gonbidapena behar bada ere, Googlen bilaketa bat egitea nahikoa da bereziki matxistak diren milaka iruzkin topatzeko. Eta askok eta askok indarkeria matxista justifikatu eta defendatzen dute. Horrela, ForoCocheseko erabiltzaileentzat, eskubideak aldarrikatzen dituzten emakumeak "feminaziak" dira, eta jarrera sexistak salatzen dituzten gizonak, berriz, "marikoiak".

Baina "machitroll" edo "machiruloak" (mugimendu feministak hala izendatzen ditu) nonahi daude: Twitterren, Facebooken, Instagramen… Irantzu Varelak, sare sozialetan ikusgarritasuna duten beste emakumeek bezalatsu, egunero jasotzen ditu irain eta mehatxuak. "Irainak bi motatakoak izaten dira: batetik, egingo dizkizuten izugarrikerien zerrenda (bortxaketak, hilketak…) egingo dizute, eta, bestetik, ez zarela bortxatua izateko gutxieneko mailara heltzen esango dizute. Uste dute emakumeak euren desirak betetzeko baino ez gaudela, eta, hortaz, esan ahal dizuten txarrena gustuko ez zaituztela dela".

 

 

Bada okerragorik. Beste iruzkin batzuk delituzkoak dira:

 

 

 

"Nik ausarta izan behar dut sakelakoa egunero pizteko, eta hori onartezina da", esan digu Varelak. Panorama horren aurrean, batzuek sare sozialak uzten dituzte. Beste batzuek, @barbijaputa ezagunak esaterako, ezizena erabiltzen dute euren burua ezkutatzeko. Gainerakoek neurriak hartzen dituzte.

Amnistia Internazionalak 2017an egindako txosten baten arabera, emakumeen % 76k sarean duten jarrera aldatu dute ziberjazarpenaren beldur. Zibererasoren bat jasan dutenen artean, ia erdiek esan dute erasoak izaera matxista edo misoginoa izan zuela. % 25en esanetan, mehatxu fisiko edota sexualak jasan zituzten.

"Eta ez da ezertxo ere gertatzen!"

Eraso horien aurrean, erakundeek eta justiziak ezer gutxi egiten dutela salatu du Varelak. "Harritu egiten nau jendearen inuzentekeriak: 'Salatuko zenuen, ezta?!', galdetzen dizute… Tratu txarrak salatu zituenean Maguetteri ez zioten babesik eman. Zer arraio emango didate niri!", adierazi du.

"Ia behingoz konturatzen garen. Sarean gertatzen den hori indarkeria estruktural baten beste adierazpen bat da. Izan ere, hiltzen gaituztenean ere, ez da ezertxo ere gertatzen. Aurten astebetean bost emakume hil zituzten; bi, 48 ordu eskasean. Ez zen ezertxo ere gertatu. Izan al zen Ezohiko Ministro Kontseilurik? Jaurlaritzak larrialdi egoera ezarri al zuen? Kaleak erre al genituen? Ez! Jaramonik egingo al didate niri sare sozialetan jasaten ditudan irainengatik? Ezta urrik ere! Onartzen ditugun indarkeriak ditugu", erantsi du.

Bestalde, zer egiten dute Twitter, Facebook eta enparauak eraso horien aurrean? Denek ematen dute trollak blokeatzeko edo isilarazteko aukera. Kasu larriagoetan,  "abusuzko txio eta jokaerak" salatu daitezke, eta halakoekin, kontua itxi diezazuekete. Varelaren ahotan, horrelako asko salatzen ditu egunero, baina gutxitan izaten dute ondoriorik: "Kontua zarratu zioten batek pistola baten argazkia eta honako esaldia bota zidan: 'Irantzu Varela! Badakit non bizi zaren! Hil egingo zaitut!'. Zer gehiago behar zuten, bada? Etorri eta ni akabatzea?".

 

 

Nolanahi ere, bada ziberjazarpen matxistari aurre egiteko modurik. Feministek urteak daramatzate autodefentsa tailerrak antolatzen, babeserako sare kolektiboak ehuntzen, eta espazio seguruak sortzen. ciberseguras.org webgunean, esaterako, sarean segurtasuna bermatzeko baliabideak ematen dituzte, betiere ikuspegi feminista batetik. Alerta machitroll atariak, bestalde, trollez ohartarazteko aukera ematen du.

AUTODEFENTSA ZIBERFEMINISTARAKO GAKOAK

Sare sozialetan jazotzen diren eraso eta jazarpen matxistei aurre egiteko aholkuak eman dizkigu Varelak. Hori bai, honakoa azpimarratzen du: ondo dago geure burua babesteko neurriak hartzea, baina garrantzitsuena gizonen erantzukizuna argi uztea da: eurak dira erasotzaileak, eurek utzi behar diote jazartzeari, eta matxismoa, indarkeria hori legitimatzen duen ideologia, da errotik desagerrarazi behar duguna.

  • Sare sozialetan kontu bat zabaldu baino lehen, pentsatu ondo zeri buruz eta nola idatziko duzun, ezizenenen bat erabili edota zer-nolako ikusgarritasuna nahi duzun. Zuk erabaki!
  • Hausnartu ondo zein neurritaraino eragiten dizun jendeak dioena eta merezi ote duen. Kalean inuzentea ez bazara, sarean ere ez. Sare sozialetan prest egon behar dugu beti, "gure armak" ondoan.
  • Ez elikatu trolla! Jarraitzaile bila dabiltzan batzuek iraindu egiten dute, erasoa jasan duenak erantzungo dien esperantzan, horrela ikusgarritasun handiagoa lortzeko.
  • Jazarri edo eraso egiten badizute, eskatu laguntza beste kide batzuei, autodefentsa kolektiboa erabili. Mugimendu feminista bereziki ondo egiten ari da: gure artean lagundu eta defendatu. Ez zaude bakarrik.

Olatu feminista sarean

SAREAN MATXISMOARI EGURRA EMATEN

@IrantzuVarela. 41.000 jarraitzaile ditu Twitterren. EiTBn, Pikaran ( Alo, Irantzu! aholkularitza feminista du) eta Publicon ere aritzen da ("El Tornillo"n umorez jantzitako bideoak egiten ditu).

@albistetan. Maria Gonzalez Gorosarri EHUko irakasle eta Komunikazioan doktoreak #ustezkokeria-ri egiten dio aurre Twitterren. Izan ere, askotan, hedabideek txarto erabiltzen dute ustezkotasuna indarkeria matxistari buruzko albisteetan.

Memes feministas. Umorea, borrokarako tresna gisa. Facebookek 2013an itxi zuen “eduki desegoki edota pornografikoa” partekatzeagatik. 2015ean zabaldu zuten berriro, eta orain 35.000 erabiltzailek barre egiten dute euren memeekin.

Meme feminista

Klitto! Irati Urkiola, Ana Iruretagoyena eta Malen Aldalur kazetariek euskara hutsean feminismoaz arituko zen aldizkari baten falta sumatu zuten. Esan eta egin. Twiterren eta Facebooken topatuko dituzue euren elkarrizketa, erreportaje eta enparauak.

@Barbijaputa. Estatuko ziberfeminista ezezagunetarikoak (Twitterren, 300.000 jarraitzaile) ezizena darabil matxismoari egurra emateko. Facebooken eta Instagramen ere baditu kontuak. Horrez gain, diario.es atarian zutabea idazten du, eta apiriletik, Radiojaputa podcasta dago entzungai.

Pikara Magazine. June Fernandez, Lucia Martinez Odriozola, Itziar Abad eta Maite Asensio kazetariek 2010ean sortu zuten magazine digital hau. Ordudanik, euskal kazetaritza feministaren erreferente da. Horren erakusle, Facebooken dituen 120.403 jarraitzaileak eta Twitterren dituen 52.000ak.

TowandaRebels. Teresa Lozano eta Zua Mendez dira YouTubeko kanal honen sortzaileak. #yotecreo ('La Manada’ auziaren ingurukoak) eta #holaputero (prostituzioari buruz) kanpainak oso arrakastatsuak izan ziren.

@MKattalin. Feminista euskal hiztun baten bila ari bazara, Kattalin Miner kazetari, idazle eta aktibista izan daiteke zure aukera. Hainbat komunikabidetan idazten du, besteak beste, Berria-n.

Feminista ilustrada. Maria Murnau eta Helen Sotillos andaluziarrek ilustrazio originalak sortzen dituzte: batzuek barrea eragiten dute; beste batzuek, gogoeta. Instagramen dituzu.

Feminista ilustrada

Izan ere, azken urteotan mugimendu feministaren aldarriez eta emakumeak ahalduntzeko mezuez bete da sarea. Sare sozialak sutan egon dira #MeToo, #NiUnaMenos eta #Sinistenzaitut etiketekin, esaterako. Munduko txoko askotako emakumeek bat egin dute euren eskubideak aldarrikatzen eta matxismoaren salaketa lau haizeetara zabaltzen.

Ziberaktibismo horren mugarrietako bat 2015ean ezarri zuten Argentinan. #Niunamenos etiketa erabilita, herrialde hartan indarkeria matxistaren kontra inoiz egindako manifestazio handiena antolatu zuten. Lelo hori, gerora sortuko zuten #Vivasnosqueremos-ekin batera, Latinoamerikan hedatu zen indarkeria matxistaren kontrako aldarri bihurtzeko.

Eta olatua tsunami bilakatu zen 2017ko urrian, Harvey Weinstein zinema ekoizlearen kontrako sexu-jazarpen salaketen harira, Twitter sare sozialean historian iltzatuta geratu den mezua bota zuen Alyssa Milano aktoreak #MeToo etiketa erabili zuenean:

Nazioartean arin batean zabaldu zen, eta milaka emakumek euren istorio lazgarriak kontatu eta partekatu zituzten.

Geldiezina zen hura. Martxoaren 8an, Espainiako Estatuan feminismoaren inguruko milioi bat txio argitaratu ziren. Gero, 'La Manada' auziaren epaiketa eta epaiarekin etorri ziren #Sinistenzaitut eta #EzEzetzda etiketak ere. #Cuentalo kanpainak (#MeToo-ren pareko etiketa Espainiako Estatuan) 3,5 milioi txio eragin zituen.

Varelaren arabera, "sare sozialak ondoen erabili dituen mugimendu soziala da feminismoa. Zergatik? Batetik, bitartekaritzarik ez duen komunikabide bat delako (azken katebegian ez dago 'guraizeak' sartuko dituen gizonik), eta, bestetik, umorea erabiltzen ikasi dugulako. Hartara, serio esanda baino mezu 'punkiagoak' botatzeko aukera izan dugu". Varelaren hitzetan, "munduan barrena gauza beragatik borrokan ari ginen pilo bat emakume geunden, eta sare sozialetan egin dugu topo. Oso polita izan da".

Batzeaz gain, kide berriak erakartzen jakin dute feministek. "Emakume asko feminista egin dira sareetan gauzak irakurrita. Hori bai, gero, martxoaren 8an, kalera atera dira. Ez dira Twitterren geratu", nabarmendu du.

"Feminismo" hitzak Googlen izan duen garapenari begiratzea baino ez dago. 2004tik hazten joan dira bilaketak, baina batez ere azken urtean egin dute gora, eta 2018ko martxoan jo du goia (hilabete horretan 100 puntuak harrapatu zituen Google Trendsen).

FEMINISMO GOOGLE TRENDS

"Badakizu zer falta zaigun? Gizonek indarkeria matxistaren aurrean zero tolerantziaren diskurtsoa praktikan jartzea beste gizonekin. Esan diezaietela 'Ez bidali WhatsAppeko kate matxista horiek!' edo ez dezatela indarkeria matxista legitimatzen duten edukiak partekatu edo birbidali. Hori gertatzen denean pauso garrantzitsua emango dugu", Varelaren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook azken ordukoa Tratu txarrak umeak X gaur Tratu txarrak Gizartea Eguneko albisteak Erreportajeak Gaurko azken ordukoa Instagram albisteak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako laguntza Zibererasoak gaur Matxismoa Feminismoa gaur Kazetaritza