Gizartea -
Osakidetzaren 35. Urteurrena
Urkulluk babesa agertu dio Darponi, Osakidetzaren 35. urteurreneko ekitaldian
Ostiral arratsalde honetan Donostian egindako ekitaldian izan da lehendakaria, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak dimisioa eman eta hurrengo egunean.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak babesa agertu dio Jon Darpon Osasun sailburuari, Osakidetzaren 35. urteurreneko ekitaldian. Lehendakariaren iritziz, Euskal Osasun Zerbitzua “gizarte osoaren lorpen bat da”. Ildo horretatik, “gizartearen babesari esker” Osakidetza “osasun-laguntzako erreferente bat” dela nabarmendu du ostiral arratsalde honetan, Donostian. Bere hitzaldian, aurrera begiratzeko deia egin die langileei, alderdi politikoei, erakundeei eta herritarrei.
Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak dimisioa eman eta hurrengo egunean egin ditu adierazpen horiek Urkulluk, Donostiako Kursaal Jauregian egindako ekitaldian. Osakidetzaren azken Lan Eskaintza Publikoan (LEP) atzemandako irregulartasunen ostean utzi zuen kargua Mugicak. Haren kargua Juan Luis Diego Casals-ek hartuko du.
“35 urte bizia sustatzen” izeneko ekitaldiari Mugicak berak hasiera ematea aurreikusita zegoen, baina azkenean ez da oholtzara igo. Dena dela, Jon Darpon Osasun sailburuak babesa agertu dio, eta eskerrak eman dizkio haren “konpromiso eta ardura pertsonal zein profesionalagatik”.
Ekitaldia hasi aurretik, Darpon lehendakariaren zain egon da kanpoan eta, inguruan, hainbat pertsona bildu dira, larrialdi zerbitzuaren “zentralizazioaren aurka” protesta egiteko.
Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza zabala izan da ekitaldian: Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua; Beatriz Artolozabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua; Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua; Estefania Beltran de Heredia, Segurtasun sailburua, eta Maria Jesus San Jose, Lan eta Justizia sailburua. Gainera, bertan izan dira Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea eta Maria Jesus Mugica egungo Osakidetzako zuzendaria.
Urkulluren iritziz, “urte hauetan lortutako prestigioa langileen jardueraren ondorio izan da”. Arrazoi horregatik, eskerrak eman dizkie profesionalei, eta haien “profesionaltasuna eta gizatiartasuna” nabarmendu ditu. Halaber, sail guztietatik jasotako laguntzari esker Osakidetza “eraiki, bultzatu eta hobetu” ahal izan dela azpimarratu du.
Dena den, etorkizunari ere begiratu nahi izan dio lehendakariak eta, adierazi duenez, Osakidetzak hainbat erronka ditu, "Euskal Osasun Zerbitzua zaintzen eta hobetzen lagunduko dutenak". Ildo horretatik, zahartzeari eta gaixotasun kronikoen hazkundeari heltzeko premia azpimarratu du lehendakariak, ospitaleratutako pazienteen % 50 baino gehiago 65 urtetik gorakoak direla kontuan hartuta".
Urkulluk adierazi duenez, “etorkizuneko beste erronka bat da berrikuntza teknologikoan eta farmazeutikoan inbertitzea, osasun-sistemaren eta industria farmazeutikoaren arteko erantzunkidetasun handiagoa bultzatzea; eta biozientzien eta medikuntza pertsonalizatuago baten alde apustu egitea”. Bestalde, Osakidetzaren eraldaketa digitala aipatu du lehendakariak.
Beste alde batetik, 35 urte hauetan Osakidetzak emandako “aurrerapauso handia” nabarmendu du Darponek. Bere iritziz, osasun zerbitzuaren “sendotasunari eta kudeaketa egokiari esker” lortu da hobekuntza hori, baita herritarrengan jarritako konfiantzari esker ere. Era berean, langileen konpromisoa, profesionaltasuna eta gizatiartasuna nabarmendu ditu.