Gizartea -

Migrazioa

Iparraldeko mugan migrazio kontrolak areagotuko ditu Frantziako Gobernuak

Christophe Castaner Barne ministroaren arabera, Pirinio Atlantikoetako mugan egindako sarreren onarpenak "ia % 60" igo dira 2018an.

Migratzaile talde bat Irungo kanpaleku batean / Argazkia: EITB.
Migratzaile talde bat Irungo kanpaleku batean / Argazkia: EITB.
Migratzaile talde bat Irungo kanpaleku batean / Argazkia: EITB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak migrazio kontrolak areagotuko ditu Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugan, Christophe Castaner Barne ministroak iragarri duenez.

"Espainiako mugak kezkatu egiten nau. Urte hasieratik 48.000 pertsona sartu dira Espainiara Marokotik; % 155ko igoera da hori, esan du Le Journal du Dimanche kazetan.

Ministroaren arabera, Pirinio Atlantikoetako mugan egindako sarreren onarpenak "ia % 60" igo dira 2018an. Zati gehiena Hegoalde eta Iparralderen arteko mugari dagokio. Hain zuzen ere, Laurent Nuñez Estatu idazkaria Ipar Euskal Herrian izan zen ostiralean.

"Muga honetan Estatuaren presentzia indartu nahi dugu", esan du ministroak.

Neurri zehatz bezala, Castanerrek goi-kargu baten izendapena iragarri du, mugako kontrolak eta Hegoaldeko erakundeekin izan beharreko elkarrizketak "hobeto antolatzeko segurtasun-koordinatzailea".

Barne ministroak neurri hori Schengengo Hitzarmenaren kontra doanik ukatu du, eta gogorarazi du mehatxu terroristak baimena ematen diela Estatuei mugak zaintzeko.

Zentzu horretan, Castanerrek legez kontrako immigrazioaren aurka "irmotasuna" agindu du, eta modu berean, "gizatasuna" asilo eskatzaileentzat. Horiek, 2019an, harrera zentroetan 3.500 plaza izango dituztela esan du.

Kanpamenduak deuseztatzen eta kanporaketetan eraginkorragoak izango dela ere esan du ministro berriak. Aurreko astean izendatu zuten, eta Emmanuel Macronen gertukoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Frantzia Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Macronen Gobernua