Gizartea -

Cabacas auzia

Iñigo Cabacasen aitak 'benetako justizia egitea' eskatu du

“Justizia” oihu artean, Athleticeko jarraitzailearen senideek eta lagunek elkarretaratzea egin dute Bilboko Justizia jauregiaren aurrean, epaiketa hasi bezperan.

Iñigo Cabacasen senideei elkartasuna adierazi eta justizia eskatzeko protesta. Irudia: EiTB
Iñigo Cabacasen senideei elkartasuna adierazi eta justizia eskatzeko protesta. Irudia: EiTB
Iñigo Cabacasen senideei elkartasuna adierazi eta justizia eskatzeko protesta. Irudia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manu Cabacas Iñigo Cabacasen aitak “benetako justizia egitea” eskatu du gaur. Arduradunek “egindako basakeria onartu eta ordaintzea” nahi du gaztearen aitak. “Eta hanka-sartze bat izan baldin bazen, nik ez dut hala uste, berdin ordaindu beharko dute”, adierazi du.

“Justizia” oihu artean, Athleticeko jarraitzailearen senideek eta lagunek elkarretaratzea egin dute gaur Bilboko Justizia jauregiaren aurrean, auziko epaiketa hasi bezperan.

Epaiketa hasi baino ordu batzuk lehenago, gaztearen senideek eta adiskideek elkarretaratzea egin dute Bilboko Justizia jauregiaren aurrean. Gaztearen oroimenez, pankarta bat jarri dute, eta, ondoren, kandelak piztu dituzte pankartaren aurrean.

Bilkuran parte hartu dutenek “egia”, “justizia” eta “erreparazioa eskatu dute. EH Bilduko zenbait ordezkari ere izan dira bertan, elkarretaratzea babesten.

Mobilizazioan, Manuel Cabacas hildako gaztearen aitak hitza hartu du, eta bere semearekin “egindako basakeria” onartzea eta horregatik “ordaintzea” eskatu du.

 

Manu Cabacas: "Hanka-sartze bat izan baldin bazen, nik ez dut hala uste, berdin ordaindu beharko dute"

 

Justizia jauregiaren aurrean gau osoan kanpaldia egiteko asmoa zuten, baina, eguraldi kaskarra dela eta, bertan behera uztea erabaki dute.

Astelehen honetan goizean berriz elkartu dira epaitegien aurrean, epaiketa hasi aurretik.

Gaurko saioan, sei ertzain eseriko dira akusatuen aulkian, giza hilketa eta zuhurtziagabekeria larria leporatuta. Akusazio partikularrak lau urteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuentzat. Astelehenetik azaroaren 9ra arte, ehun bat lekukok hitz egingo dute Bizkaiko Lurralde Auzitegian.

Jone Goirizelaia familiaren abokatuak zuzentzen du akusazio partikularra. Fiskaltzak, berriz, auzipetuak aske uzteko eskatuko du, bere iritziz ez baitago deliturik.

2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo zuen Iñigo Cabacas, Athleticen eta Schalke 04 talde alemaniarraren arteko futbol partidaren ostean, San Mames inguruan zuri-gorrien garaipena ospatzen ari zela. Kalean izandako istiluen aurrean Ertzaintzak egindako kargetan jaurtitako gomazko pilota batek bete-betean harrapatu zuen gaztea, eta lau egun geroago hil zen, Basurtuko Ospitalean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urteurrena Iñigo Cabacas Bilboko albisteak Azken ordukoa Bizkaia Epaiketak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak