Gizartea -

Indarkeria matxista

Donostiako Aste Nagusian jipoitutako gaztearen heriotza gaitzetsi dute erakundeek

Donostiako eta Urnietako udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abuztuaren 12an jazotako eraso matxista salatu dute.

Urnietako Udaletxea. Argazkia: Wikipedia
Urnietako Udaletxea. Argazkia: Wikipedia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Aste Nagusian jasandako jipoi baten ondorioz koman zegoen gazte urnietarraren heriotza gaitzesteko bilkura egin dute gaur Urnietako eta Donostiako udalek. Udalbatzek, aho batez onartutako adierazpen bateratuan, "gaitzespen eta arbuiorik irmoena" adierazi dute A.N.M gaztearen "hilketagatik". Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere oharra kaleratu du eraso matxista salatzeko.

Bi udalentzat gertatutakoa "oinarri matxista duen indarkeria" kasu bat da, eta hartara, "indarkeria matxistaren edozein motatako adierazpenen aurrean esku-hartzeko konpromisoa" adierazi dute. Hori horrela, "berau ezabatzea sustatzen duten neurriak babesteko eta bultzatzeko bere borondatea" berretsi dute Urnietak eta Donostiak.

Azkenik,  "babesa, elkartasuna eta maitasuna" adierazi nahi izan dizkiete biktimaren senitartekoei eta lagunei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere udalek azaldutako gaitzespenarekin bat egin du, eta "oinarri matxista duen eraso baten biktima" izan den gaztearen heriotza deitoratu dute.

Ohar batean, "biktimaren familia eta lagunei elkartasuna eta babesa" helarazi nahi izan die foru erakundeak, eta "behar duten guztian laguntzeko" prest agertu da.

Miren Elgarresta Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako foru zuzendariaren hitzetan, hilketa horrek oinarri matxista du, "zalantzarik gabe".

"Zoritxarrez, indarkeria matxista gure egitura sozialean sustraituta dago, eta askotan zuzenean edo zeharka eragiten du", erantsi du.

Nabarmendu duenez, "kasu tragiko horrek agerian uzten du indarkeria matxistak duen hedapen zabala, biktima ez baitzegoen zuzenean inplikatuta".

Bi hilabete koman

Beste gizon batek larri zauritu zuen A.N.M abuztuaren 12an, Alde Zaharreko Perujuantxo kalean, bikotekidearekin zegoela. 05:00ak aldera, emakumearen mutil lagun ohia hurbildu zitzaien eta jipoia eman zion urnietarrari. Erasoaren ondorioz, biktima larri zauritu zen, eta orduz geroztik koma egoeran egon da Donostiako Ospitalean.

Biharamunean atxilotu zuen Donostiako Udaltzaingoak ustezko erasotzailea atxilotu zuen, eta ordudanik kartzelan dago.

---------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Urnieta Albisteak Jaiak