Gizartea -
2018ko ordu aldaketa
Azken ordu aldaketa izan daiteke gaurkoa
Urriaren 28an, 03:00etan, ordubete atzeratu beharko dira ordulariak. Horrela, hilabete honetako azken igandeak 25 ordu izango ditu, ofizialki.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Neguko ordutegia bueltan da. Urriaren 27tik (larunbata) 28rako (igandea) goizaldean, ordua atzeratu egin beharko dugu. Horrela, 03:00etan 02:00ak izango dira berriz.
Ordu aldaketa urriko azken igandean egin ohi da gurean, 2001etik. Beraz, egunak laburragoak izango dira; hau da, lehenago ilunduko du eta argi naturaleko ordu gutxiago egongo dira.
Horrela, urriaren 28ak 25 ordu izango ditu, ofizialki, eta litekeena da egun horretan aldatzea azkenekoz ordua. Izan ere, Europar Batasunak ordu aldaketa bertan behera uztea proposatu du.
Hain zuzen ere, Jean Claude Juncker EBko presidenteak datorren urtetik aurrera ordu aldaketarik ez egoteko nahia adierazi zuen duela aste batzuk.
"Estatuek erabaki behar dute beren herritarrak udako edo neguko ordutegian bizi nahi duten", azaldu zuen EBko presidenteak.
Neguko ordutegia
Erlojua atzeratuta, GMT ordutegira itzuliko dira hiru estatu kide: Erresuma Batua, Irlanda eta Portugal.
Beste hauek GMT+1 ordutegia izango dute urriaren 30etik: Espainia, Austria, Belgika, Txekia, Danimarka, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Luxenburgo, Malta, Polonia, Kroazia, Eslovakia, Eslovenia, Suedia eta Herbehereak.
Estatu hauek, berriz, GMT+2 ordutegia izango dute: Bulgaria, Zipre, Finlandia, Grezia, Estonia, Letonia, Lituania eta Errumania.