Gizartea -

Kasedako tiroketa

Kasedako tiroketan 112ak erantzun eredugarria izan zuen, Nafarroako Gobernuaren ustez

Uxue Barkosek, bere aldetik, "miserabletzat" jo du larrialdi zerbitzuaren lana zalantzan jartzea, eta CCOOk babesa eskaini die 112ko langileei.

Tiroketa, Kasedan. Argazkia: EFE
Tiroketa, Kasedan. Argazkia: EFE
Tiroketa, Kasedan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kasedan asteartean izandako tiroketaren berri jaso zuenean, 112 larrialdi zerbitzuak jarrera "eredugarria" erakutsi zuela esan du gaur Agustin Gastaminza Nafarroako Gobernuko Barne Saileko zuzendari nagusiak.

Modu horretan erantzun die Gastaminzak Kasedako bizilagun batek Diario de Navarra egunkarian egindako adierazpenei. Salatzaileak 112 telefonora deitu zuen tiroketa izan zela eta lurrean hainbat lagun zeudela ohartarazteko. Lekuko horren arabera, ordea, langileak ez zion abisua eman nahi izan Guardia Zibilari (100 metrora ei dago kuartela). Ildo horretan, laguntza ez ematea leporatu dio.

Horren harira, Gastaminzak prentsaurreko batean adierazi du behin eta berriz kritikatzen dutela SOS Nafarroa eta Poliziaren jarrera, "arrazoi politikoak tarteko". Hori horrela, nabarmendu du halako salaketek "mesfidantza" eragiten dutela herritarrengan.

Esandakoa ziurtatzeko, argitu du 112an telefono deia jaso zutenetik (18:53an) hiru atxilotuak harrapatu zituztenera arte 17 minutu inguru igaro zirela, eta zehaztu du dei hori ez zuela salaketa jarri duen pertsona berak egin.

Halaber, azpimarratu du "minutu bat" pasatu zela SOS Nafarroak abisua jaso zuenetik Foruzaingoa eta Guardia Zibila tiroketa gertatu zen lekura mugitu ziren arte.

Jose Luis Arasti, Nafarroako Gobernuko delegatuak, bere aldetik, Guardia Zibilaren lana babestu du, eta polizien arteko koordinazioa hobetzearen alde agertu da.

Barkosek "miserabletzat" jo du larrialdi zerbitzuaren lana zalantzan jartzea

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak 112ak "zuzen" jokatu zuela baieztatu du. "Norbaitek uste badu Kasedako tiroketan ez zela ahalegin guztia egin oker dabil, eta, gainera, 'dohakabe' bat da", gaineratu du.

Hartara, bat etorri da Barne Saileko zuzendari nagusiaren, Foruzaingoko buruaren eta 112 zerbitzuko arduradunaren azalpenekin. Azken horien iritziz, "eredugarria" izan zen 112aren erantzuna.

CCOOk babesa agertu dio 112 zerbitzuari

CCOOk babesa agertu die 112 larrialdi zerbitzuko langileei, eta haien lan egiteko modua zalantzan ez jartzeko eskatu du, profesional talde bat dela eta egoera ezberdinei aurre egiteko jardunbidea dutela iritzita.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua SOS Deiak albisteak