Gizartea -

Tiroketa Nafarroan

Bikote baten banaketa dago Kasedako tiroketaren oinarrian

Foruzaingoak ikerketa abiatu du aita-semeen hilketa argitzeko. Atxilotutako hiru gizonezkoak 'albait arinen" eramango dituzte epailearen aurrera.

Tiroketa gertatu zen tokia. Argazkia: EFE
Tiroketa gertatu zen tokia. Argazkia: EFE
Dibortzio bat, Kasedako tiroketaren atzean

1:36

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bikote baten banaketa dago atzo Kasedan izandako hilketa hirukoitzaren oinarrian, Foruzaingoak baieztatu duenez. Hiru pertsona hil zituzten tiroz, bi familiaren arteko liskar batean. Hildakoak aita-semeak dira, 50, 29 eta 17 urtekoak.

Atxilotuak 53 urteko gizon bat eta haren bi semeak dira, Estellerrikoak guztiak.

"Bi familiaren arteko liskarra eragin zuen arrazoia senar-emazte batzuen banaketa da", adierazi du Nafarroako Foruzaingoko bozeramaileak, eta ikerketa "pixkanaka-pixkanaka" eta berme legal guztiekin egiten ari dira.

Herriko bizilagunek EFE albiste agentziari esan diotenez, antza, Kasedako jaiak zirela, irailaren 9an, bikotekideek eztabaida izan zuten eta gizonak emakumea etxetik bota zuen. Andreak 2 urteko alaba hartu eta Muniain de la Solana herrira joan zen gurasoen etxera. Atzo, emakumea Casedara itzuli zen taxi batean senarrarekin konpontzeko asmoarekin, baina atzetik aitak eta nebak jarraitu zioten eta ondoren borroka hasi zen.

Tiroketa, egun argiz

Ikertutako gertaerak atzo arratsaldean gertatu ziren, egun argiz. Nafarroako larrialdi zerbitzuek 18:53an jaso zuten abisua, Kasedako kale batean "bi ijito familiaren arteko liskarra" zegoela, tiroak entzun zirela eta batzuek eskopetak zituztela ohartaraziz.

Foruzaingoaren hainbat patruila tokian bertaratu ziren, baita anbulantziak ere, eta heltzean hiru lagun lurrean botata aurkitu zituzten.

Tiroen egileak, hasiera batean, auto batean ihes egin zuten tiroketa izan zen tokitik, baina Foruzaingoak San Martin Unx parean atzeman eta atxilotu zituen gero.

Foruzaingoak San Martin Unx parean atzeman eta atxilotu zituen tirogileak

Atxilotuak, 53 urteko gizon bat eta haren bi semeak, Iruñeko Foruzaingoaren komisarian daude epailearen esku jarri arte.

Nafarroako Foruzaingoa eta Guardia Zibilak ikerketa abiatu dute gertaturikoa argitzeko, eta Agoizko 2. Instrukzio Epaitegiak darama kasua.

Kasedako Udalak hiru eguneko dolua ezarri du

Kasedako Udalak hiru eguneko dolua ezarri du, eta xingola beltzak jarri ditu banderetan. Halaber, Udalak elkartasuna adierazi dio familiari, eta senideei behar duten guztian laguntzen ari zaiela azaldu du.

Bestalde, Udalak eskerrak eman dizkie biktimen senideei, gertaeren osteko orduetan erakutsi duten jarreragatik.

Zangozan omenaldia egin diote Kasedan hildako ikasle ohiari

Zangozan, Sierra de Leyre Bigarren Hezkuntzako Institutuan, omenaldi pribatua egin zioten atzo Kasedako tiroketan hil zen adin txikikoari. Izan ere, hezkuntza zentro horretako ikaslea izan zen aurreko ikasturtera arte. Sergio Larrion zuzendariak azaldu duenez, ikasle, irakasle eta gurasoak institutuko patioan elkartu ziren, eta minutu bateko isilunea egin ostean, esaldi batzuk irakurri zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Delituak albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Foruzaingoa