Gizartea -
OKUPAZIOA
Maravillas gaztetxea ez dute hustuko, Gobernuak bere eskaria erretiratu ostean
Dena dela, Nafarroako Gobernuak iragarri duenez, ez dio uko egingo jauregiaren titulartasun publikoa defendatzeari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Marques de Rozalejo jauregiaren okupazioagatik irekitako auzi judiziala artxibatzea agindu du Iruñeko Instrukziozko 4. Epaitegiak, eraikina husteko agindua bertan behera uzteko Nafarroako Gobernuak berak eskatu ostean, horrek dakarrelako, epailearen arabera, Foru Gobernuak okupazioa onartu zuela. Horren ondorioz, epaileak ebatzi du jazotakoa ezin dela delitutzat jo.
Abuztuaren 16ko epai batek agindu zuen Nafarroako Gobernuari eraikinaren jabetza itzultzea, Nafarroako Foruzaingoaren txostena kontuan hartuta. Horren arabera, okupatzaileek eraikina egokitzeko lanak egin zituzten, "zaintza teknikorik gabe", eta horrek "hainbat arrisku zekarren, besteak beste, sute-arriskua".
Iruñeko Instrukziozko 4. Epaitegiaren ebazpenaren arabera, neurri horren aurkako borondatea erakutsi zuen Nafarroako Gobernuko Presidentetzarako kontseilari ordezkariak idazki batean. Ondorioz, epailearen hitzetan, "beste pertsona batzuk eraikin hori erabili izana ez doa jabearen borondatearen aurka". Epailearen aburuz, eraikinaren jabeak baimendu ez dituen erabilerekin edo pertsonekin lotura dauka okupazioak.
Gaztetxea kudeatzen duten gazteek, hain zuzen, prentsaurrekoa eskaini dute jauregiaren hustea salatzeko. Atzo goizaldeko kanporatzean izan ziren istiluen arduradun jo dituzte Nafarroako Gobernua eta Geroa Bai alderdia, baina hala ere, elkarrizketarako eta arazoari konponbidea emateko deia egin diote Uxue Barkosen Gobernuari. "Inoiz baino indartsuago" daudela esan dute gazteek eta proiektua "geldiezina" dela.
Foru Gobernuaren erantzuna
Nafarroako Gobernuko bozeramailea den Maria Solanak prentsaurrekoa eskaini du horren inguruan mintzatzeko eta iragarri duenez, Foru Gobernuak ez dio uko egingo jauregiaren titulartasuna defendatzeari, baina izandako egoeraren "larritasuna" ikusita, erabaki dute eraikina husteko agindua baliogabetzea, "zuhurrena delakoan".
Kaleratze-eskari hori bertan behera uztea "aldebakarreko erabakiaren ondorioa" izan da, Solanak argitu duenez, eta gobernu-bazkideekin gaur goizeko bileran izandako "sintonia falta" azpimarratu du.
Maria Solana, Nafarroako Gobernuko bozeramailea. Argazkia: EFE
Solanak azaldu du erabaki hori hartu dutela "interes orokorren defentsan, ondasun baten titulartasun publikoaren defentsaren gainetik herritarren segurtasunarena lehenetsi dugulako".
Dena dela, Nafarroako Gobernuko bozeramaileak argitu du horrek ez duela esan nahi "inolaz ere ondasun baten titulartasun publikoaren defentsari uko egiten" diotenik. Gainera, gaztetxearen kaleratzea defendatu du, esanez ez zela "errore bat izan", eta horretarako "bitartekoak" erabili izana zauritu du.
Oposizioaren kritikak
Bestalde, Javier Esparza UPNko presidenteak auziaren artxibatzea deitoratu du, eta "Araizen xantaiari eta mehatxuari men egin izana" leporatu dio Uxue Barkos Nafarroako presidenteari.
Zentzu berean mintzatu da Ana Beltran PPNko presidentea, esanez "onartezina" dela Marques de Rozalejo jauregiaren "legez kanpoko okupazioa".
Podemos Ahal Duguk, ordea, Maravillas gaztetxeko asanbleari Parlamentura joateko eskatu dio, haien proiektua azaldu eta herritarrekin elkarbanatzeko.