Gizartea -

Maravillas gaztetxea

Maravillasekin hitz egiteko prest agertu da Barkos, baina 'huste ordenatua' eskatu du

Halaber, "beste lokal bat" bilatzeko prest agertu da Nafarroako Gobernuko presidentea, "autogestio proiektuak aurrera egin dezan". Elkarrizketa hasteko eraikina husteko agindua kentzea eskatu dute.

Maravillas Gaztetxea Iruñean
Maravillas Gaztetxea Iruñean
Prozedura judiziala bertan behera uztea eskatu dute Maravillaseko gazteek

2:07

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maravillas gaztetxeko kideekin hitz egiteko prest agertu da astearte honetan Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea, baina "arazorik gabeko kanporatze ordenatua" eskatu dio kolektiboari. Ildo horretatik, Marques de Rozalejo jauregia gobernuaren jabegoa dela gogora ekarri du, eta okupatutako eraikina "nafar guztiena" dela azpimarratu du.

Gaztetxea husteko prozedura judiziala abian dela esan du Barkosek, eta epeak ezin direla "nahi bezala luzatu" ohartarazi die gazteei. Arrazoi horregatik, egoerari irtenbide bat bilatzeko eskua luzatu die gaztetxeko kideei.

Hala, epaileak eraikina husteko agindua eman aurretik, "inorentzako arazorik gabeko kanporatze ordenatua" egitea eskatu gazteei. Halaber, "beste lokal bat" bilatzeko prest agertu da Nafarroako Gobernuko presidentea, "autogestio proiektuak aurrera egin dezan". Dena dela, okupazioaren bidez ezin dutela beste eraikin bat okupatu esan die gaztetxeko kideei, elkarrizketarako bidea alde batera uzten baitu jarrera horrek.

Bestalde, salaketak eta eraikina husteko agindua alde batera uztea jarri ditu oinarri bezala Gaztetxea kudeatzen duen kolektiboak Nafarroako Gobernuarekin elkarrizketa hasteko. Alabaina, okupatutako eraikinaren kanporatzea "bai ala bai" egin behar dela erantzun die Barkosek.

Nafarroako Gobernuak azpimarratu duenez, elkarrizketarako deia bi helburu argirekin egin du. Alde batetik, "inorentzako arazorik gabeko kanporatze ordenatua lehenbailehen egitea" eskatu du Barkosek. Dena dela, Marques de Rozalejo jauregia gobernuaren jabegoa dela gogora ekarri du, eta okupatutako eraikina "nafar guztiena" izanik "bai ala bai" hustu behar dela ziurtatu du.

Beste alde batetik, martxan jarri duten autogestio proiektu sozialak aurrera egin dezan beste lokal bat bilatzeko prest agertu da. Ildo horretatik, gazteekin hitz egiteko prest dagoela berretsi du, baina okupazioa ezin dela irtenbide bat izan nabarmendu du.

"Nafarroako Gobernua ezin da beste alde batera begira geratu, egoerari irtenbide bat edo beste bilatu behar zaio", esan du Barkosek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Geroa Bai Albisteak Nafarroa Uxue Barkos albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua albisteak