Gizartea -
Protestak
Iruñeko Maravillas gaztetxeko teilatuan igota jarraitzen dute hainbat gaztek
Nafarroako Gobernuak, eraikinaren jabeak, eskatutako husteko aginduaren zain daude han.
eitb.eus
Gazte talde batek Iruñeko Maravillas gaztetxeko teilatuan igota jarraitzen dute, husteko agindua jasotzeko zain daudela. Izan ere, epaile batek edozein momentutan har dezake Foru Gobernuak, eraikinaren jabeak, eskatutako kautelazko neurria ezartzeko erabakia.
Nafarroako Gobernuak eraikina badaezpada husteko eskaria egin zuenetik, gaztetxean jarduteko txandak eta ekimenak antolatzen ari dira. 11 hilabete pasa dira Iruñeko Navarreria kaleko Rozalejoko markesaren jauregia okupatu zutenetik.
Gaztetxea 2017ko irailetik kudeatzen duen kolektiboak Nafarroako Gobernuaren "elkarrizketarako borondatea" zalantzan jarri du; izan ere, Foru Exekutiboak "errepresioaren aukera egin izan du beti".
Maria Solana Foru Gobernuko bozeramailearen adierazpenak aztertu dituzte gazteek agiri batean. Navarreria plazako eraikina "lasai eta modu baketsuan" husteko asmoa agertu zuen Solanak asteazkenean. Orain dela gutxi erakina husteko kautelazko neurriak hartzeko eskaria egin zuen Foru Exekutiboak.
Gaztetxeari ‘adostutako irtenbidea’ ematea eskatu dute EH Bilduk, Podemosek eta I-Ek
Iruñeko alde zaharrean dagoen Maravillas gaztetxea husteko eskaria alde batera utzi eta denen artean "adostutako irtenbiea" bilatzeko eskatu zioten ostiralean EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak Geroa Bairi.