Gizartea -
POLIZIA OPERAZIOA
Sei pertsona atxilotu dituzte Gipuzkoan, pertsonen trafikoa egotzita
Poliziaren arabera, Afrikako hainbat herrialdetatik etorkinak Frantziara legez kanpo eramaten zituzten, diruaren truke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sei pertsona atxilotu ditu Polizia Nazionalak Gipuzkoan eta beste bat Madrilen, pertsonen trafikoa leporatuta. Espainiako kostara pateratan iritsitako 300 bat migratzaile Frantziara legez kanpo eramatea egozten diete.
Poliziak jakitera eman duenez, Frantziara joateko zain zeuden zortzi etorkin afrikar aurkitu dituzte operazioan miatu duten etxebizitzetako batean.
Ekainean abiatu zuen ikerketa Polizia Nazionalak, Donostiako autobus geltokian bi pertsona, hainbat alditan, etorkinen zain atzeman ondoren. Antza, Afrikatik etorritako herritarren zain egoten ziren, ondoren beste izapide batzuk abiatzeko.
EUROPOLekin elkarlanean egin du operazioa Espainiako Poliziak. Zabaldu duten informazioaren arabera, desegin duten sareak "azpiegitura sendoa" zuen Donostian, Bilbon, Madrilen eta Frantziako hainbat tokitan.
Antza, atxilotutako kideak Ginean, Boli Kostan, Malin eta Senegalen jartzen ziren harremanetan herrialde horietako herritarrekin, eta Frantziara eramatea agintzen zieten, diruaren truke. Pateratan Espainiako kostara iritsi ondoren, dokumentazio faltsua ematen zieten.