Gizartea -

urteroko astronomia ikuskizuna

Ilberria, Pertseidak ikusteko agertoki aproposena

Urteko izar-jasa ospetsuena baldintza ezin hobean agertuko zaigu: 11tik 13ra 'Done Laurendiren Malko' gehien sortuko den tartea; 12ko gauean, unerik onena.

2016 meteoro-jasaren irudia. Artxiboko argazkia: EFE
'Done Laurendiren Malko'etako bat zerua zeharkatzen, 2016ko abuztuan
2016 meteoro-jasaren irudia. Artxiboko argazkia: EFE

Iker Gonzalez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018ko Pertseidak edo 'Done Laurendiren Malkoak' pentsa zitekeen baldintzarik onenean sortuko dira: abuztuak 11an ilberria izango da, hortaz, zeru ilun-iluna agertuko da ikuskizunaz gozatzeko.

Pertseiden meteoro-jasa urtero gertatzen da, abuztuak 12an, gutxi gora behera. Gau horretan izan ohi da zeruan argi gehien sortzen den unea: 200 bat meteoro orduko.

Done Laurendiren (abuztuak 10) egunarekin lotzen bada ere, uztailak 17tik aurrera ikusi ohi dira, abuztuak 24ra arte.

Aurten, ilberria abuztuak 11an izango da, hau da, meteoro gehien sortuko den egunaren bezperan; hortaz, egunik aproposena abuztuak 12ko gaua izango da, 22:00etatik aurrera, hurrengo eguneko 10:00ak arte.

2018. urtean, beraz, baldintza ezin hobetan sortuko da 'Done Laurendiren Malkoen' edo Pertseiden astronomia ikuskizuna.

Argazkia: IGN

Argazkia: IGN

Izar-jasa ikusteko aholkuak

Meteoroak ikusteko lekurik onenak zerua ilun ikustea ahalbidetzen dutenak dira.

Hala, aukera izanez gero, aurrean eraikinik, zuhaitzik… ez dituzten lekuak gomendatzen dituzte. Gainera, teleskopioak, prismatikoak edo ikuseremua mugatzen duen edozein tresna ez erabiltzea da aholkurik onena.

Pertseidak Perseo konstelaziotik (horregatik Pertseidak izena) datozela dirudien arren, zeruko edozein lekutan ikus daitezke. Geologia Institutu Nazionaletik aholkatu dutenez, komeni da gune ilunetara begiratzea, eta, ilunabarra baino lehen baldin bada, Ilargiari bizkarra ematea.

Nola sortzen dira

Urtero ikus daitekeen fenomenoa da. Sasoi horretan, Swift-Tuttle kometak utzitako hautsak zeharkatzen du Lurrak. Meteoro txiki horiek abiadura handian sartzen dira atmosferan, eta, ondorioz, izar iheskorrak sortzen dira.

Swift-Tuttle kometa 133 urtetik behin hurbiltzen da Eguzkira, eta 1992ko abenduan igaro zen azken aldiz bertatik gertu. Lurrak horren orbita zeharkatzen duen bakoitzean, Swift-Tuttle kometa berotu egiten da eta hauts partikulak uzten ditu bere atzetik. Ez da, beraz, izar bat, baizik eta hauts-gorien partikulak.

Kometak uzten dituen hauts partikula horiek oso txikiak dira, askok harea-pikor baten tamaina dute, eta Lurrarekin topo egiten dutenean 210.000 kilometroko abiaduran sartzen dira atmosferan.

Talka horrek segundo batean 5.000 gradura hel daitezkeen muturreko tenperatura altuak eragiten ditu. Hori dela eta, atmosferan sartzen diren hauts partikulak desegin egiten dira eta argi-distirak sortzen dira: izar iheskorrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Pertseidak ikusteko gida Super ilargia abuztuaren Zientziaren hedapena Ilargi eklipseak Eguzki eklipseak Pertseidak Unibertsoa albisteak Astronomia albisteak