Gizartea -
Akordioa
Espainiak Alemaniako migratzaileak hartzea adostu du Pedro Sanchezek Merkelekin
Alemaniak, bere aldetik, pertsona horiek eramateko gastuak ordainduko dituela hitzeman du, Espainiari laguntza finantzarioa emateaz gain.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasunean Espainiatik sartu arren, gaur egun Alemanian dauden migratzaileak Espainiak hartzea adostu dute Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Trukean, pertsona horiek Espainiara eramateko gastuak ordainduko dituela hitzeman du Alemaniak, Espainiari, EBeko kanpoko muga gisa, laguntza finantzarioa eta materiala emateaz gain.
Hala aurreratu du Sanchezek Europar Kontseiluaren goi-bileraren balantzea egiteko eskainitako prentsaurrekoan. Bigarren bilera-eguna hasi aurretik, Espainiako Exekutiboko buruzagiak bilera egin du Merkelekin eta Alexis Tsipras Greziako lehen ministroarekin. Batzar horretan lortu dute akordioa.
Bavaria eta Austria arteko mugatik iritsitako asilo eskatzaileak direla zehaztu du Alemaniako Gobernuak. Han, Alemaniako agintariek ezarritako kontrolen bidez identifikatu dituzte, eta aurretik Espainian asiloa eskatu zutela baieztatu.
Sanchezek "pozik" dagoela esan du Merkelekin hitzartutako akordioarekin. "Bidezkoa" ez ezik, "ardura eta elkartasun printzipioekin koherentea" dela berretsi du.
Baliabide ekonomikoak Espainiari, Marokori eta Libiari
Merkelek bileraren ostean egindako agerraldian, Greziarekin akordio berbera lortu duela jakinarazi du. Halaber, Mediterraneo mendebaldeko ibilbidetik Espainiara migratzaile gehiago iristen ari direla onartu du. Hori dela eta, Libiari laguntzeaz gain, Marokori eta Espainiari ere inmigrazio arloko kudeaketan baliabide ekonomikoak eman behar zaizkiela azpimarratu du Alemaniako kantzilerrak.
Aldi berean, Espainiako presidentea pozik agertu da EBeko hogeita zortzi herrialdeek inmigrazioaren inguruan lortutako akordioarekin. Horren arabera, migratzaile zentroak sortuko dituzte Europar Batasunean "borondatezko oinarri batean". Horien helburua Europako itsasoetako erreskate operazioetatik datozen pertsonak hartzea izango da, ondoren "borondatez" hala adosten duten herrialdeetara eramateko.