Gizartea -
Indarkeria matxista
'La Manada' taldeko bost zigortuak behin-behinean aske utzi dituzte
2016ko sanferminetan emakume gazte bati sexu-gehiegikeriak egitegatik bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zieten bostei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Auzitegiak behin-behinean aske utzi ditu 'La Manada' taldeko bost gazteak, 6.000 euroko bermepean, hainbat berri agentziek epaitegiko iturriak aipatuta zabaldu dutenez.
2016ko sanferminetan emakume gazte bati sexu-gehiegikeriak egitegatik bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zieten. Epaia irmoa izan artean, baina, baldintzapean libre egongo dira bostak.
Horrela bada, Jose Angel Prenda, Angel Boza, Jesus Escudero –Iruñeko kartzelan daude-, Antonio Manuel Guerrero eta Alfonso Jesus Cabezuelo –Alcala Mecon daude- datozen orduetan libre geratuko dira.
Jose Francisco Cobo epaimahaiko presidenteak boto partikularra eman du, behin-behineko espetxealdia luzatzeko eskatuz.
Litekeena da autoaren xehetasunak ostiral honetan ezagutaraztea, baina agentziek aurreratu dutenez, 6.000 euroko bermea ordainduta aterako dira kartzelatik eta kautelazko hainbat neurri ezarri dizkiete: astean hiru egunetan gertuen duten epaitegian aurkeztu beharko dute; Madrilgo Erkidegoan sartzea debekatuta izango dute, han bizi baita biktima, eta harekin harremanetan jartzea ere galarazita izango dute; pasaportea kenduko diete eta ezin izango dute Espainiatik atera.
Saio azkarra
Bost zigortuak behin-behinean preso mantentzeko bi urteko gehienezko epea datorren uztailaren 7an bete behar zela eta, joan den astean saio azkarra egin zuten Iruñeko Justizia Auzitegian zer egin erabakitzeko.
Saio horretan Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta herri akusazioek (Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua) behin-behineko espetxealdia luzatzea eskatu zuten; defentsek, berriz, bostak libre uztea galdegin zuten, preso mantentzeko arrazoirik ez dagoela argudiatuta, hots, frogak desegiteko, delituak errepikatzeko edo ihes egiteko arriskurik ez dagoela iritzita.
Iruñeko kartzelan espetxeratuta dauden hiru zigortuak epaitegira eraman zituzten egun horretan; beste biek, ordea, bideokonferentzia bidez jarraitu zuten saioa Alcala Mecoko (Madril) kartzelatik.
Biktimaren abokatuak EFE agentziari esan dio oraindik ez dutela epaimahaiaren autoa jaso eta, beraz, ez duela inolako adierazpenik egingo. Ostiral honetan helaraziko omen diete aldeei ebazpena.
Bestalde, Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak jakinarazi du Exekutiboak helegitea aurkeztuko duela eta dagoeneko bide horretan ari direla lanean.
"Gure zerbitzu juridikoak askatasun eskariaren kontra agertu ziren aurreko saioan, delituen larritasuna aintzat hartuta", gogoratu du Solanak.
Laura Berro Iruñeko Berdintasun zinegotziak esan du "oso larria" dela epaimahaiak 'La Manada'ko bostak behin-behinean aske uzteko erabaki hartu izana, alde guztiek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztu dutenean eta, beraz, zigorra handiagoa izateko aukera irekita dagoen bitartean.
Justiziak biktimei tratu ezberdina ematen diela salatu du: "Mozal Legearen baitan zigortutakoak berehala espetxeratzen dituzte, baina indarkeri matxista kasuetan ez".
Justizia "patriarkala" dela deitoratu du eta berdintasunaren bidean oraindik "urrats asko" eman behar direla azpimarratu du.
Bestalde, autoa filtratu izana kritikatu du eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gertatutakoa ikertu beharko lukeela iritzi dio.
Milaka lagun atera dira kalera
'La Manadako' erasotzaileak aske utziko dituztela jakin eta berehala, Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du Iruñeko udaletxe aurrean, Nafarroako Auzitegiaren erabakia salatu eta biktimari babesa helarazteko.
Oihuka, bortxaketa izan zela, eta ez abusua, azpimarratu dute berriro ere. Udaltzaingoaren arabera, 3.000 lagun inguru izan dira protestan.
Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko ordezkari politikoak izan dira bertan, baita alderdi ezberdinetako kideak ere.
Mugimendu Feministako kide batek hartu du hitza eta erabaki honek emakumeen "haserrea" areagotu egiten duela ohartarazi du.
"Erabakia emakumeen kontrako iraina da; gure indarra eta gure mugimenduaren kontrako iraina da; eta agerian uzten du emakumeen segurtasuna sistema judizialaren lehentasuna ez dela eta justizia emakumeekin bidegabea dela", kritikatu du.
Horrenbestez, erakundeei "neurri ausartak" hartzeko eskatu die eta eragile politiko eta sozial guztien babesa eta konpromisoa galdegin ditu.
Mugimendu Feministak deituta, Bilbon, Donostian eta Gasteizen ere izan dira bilkurak. Mobilizazio jendetsuak izan dira guztiak.
BIDEOA | Mugimendu Feministak Iruñean egindako mobilizazioa:
BIDEOA | Mugimendu Feministak Bilbon egindako mobilizazioa:
BIDEOA | Mugimendu Feministak Donostian egindako mobilizazioa:
BIDEOA | Mugimendu Feministak Gasteizen egindako mobilizazioa:
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.