Gizartea -
ERREFUXIATUEN DRAMA
EAEk eta Nafarroak 'Aquarius'eko etorkinak hartzeko eskaintza egin dute
Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu duenez, "elkartasuna eta konpromisoa euskal herritarren kulturaren baitan daude".
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ACNUR erakundeari eta Espainiako Exekutiboari 'Aquarius' itsasontziko etorkinen % 10 hartzeko eskaintza egin diela azaldu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak.
Urkulluk nabarmendu duenez, "elkartasuna eta konpromisoa euskal herritarren kulturaren baitan daudenez", Eusko Jaurlaritzak 'Aquarius' itsasontzian dauden hainbat etorkin hartzeko eskaintza egin die ACNUR erakundeari eta Espainiako Gobernuari. Malta eta Italiako kostaldeen aurrean dago itsasontzia, bi herrialde horietako agintariek hango portuetara sartzea debekatu ostean.
Europako Herri eta Eskualdeen Kontseilua Bilboko Euskalduna Jauregian berdintasunari, inklusioari eta aniztasunari buruz egiten ari den Batzarraren inaugurazioan egin ditu lehendakariak adierazpenok.
Nafarroako Gobernua ere prest dago 'Aquarius' ontziko errefuxiatuak hartzeko eta hala jakinarazi dio arratsalde honetan Espainiako Gobernuari.
Errefuxiatuen krisiak okerrera egin zuenetik, Nafarroako Gobernuaren jarrera laguntza politikoa eta humanitarioa ematea izan dela gogoratu du Uxue Barkosen Exekutiboak ohar batean.
Halaber, orduz geroztik Nafarroa "proportzionalki errefuxiatu gehien hartu dituen erkidegoa" dela azpimarratu du.
Horrez gain, Foru Gobernuak Italiako Gobernuaren jarrera gogor kritikatu du, eta "arduragabekeriaz" jokatu duela eta nazioarteko itunak "urratu" dituela egotzi dio.
Gauzak horrela, Espainiako Gobernuaren erabakia positibotzat jo du eta Europako erakundeei neurriak "berehala" har ditzala galdegin dio.
BIDEOA: Aquarius ontzian 629 etorkin daude, horietako 123 adin txikikoak