Gizartea -
Adingabe transexualak
17 urteko Madrilgo adingabe transexual baten heriotza salatu dute
"Gazteak pairatutako presio sozialari, erakundeek emandako tratu txarrei edota jazarpenari" leporatu die heriotza Mostoles Feminista elkarteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
17 urteko adingabe transexual bat hil da ostiral honetan Mostolesen (Madril), Mostoles Feminista elkarteak sare sozialen bitartez salatu duenez. "Tratamendu hormonala jasotzen hasia zen", azaldu du elkarteak, eta haren heriotza egotzi die "gazteak pairatutako presio sozialari, erakundeek emandako tratu txarrei edota jazarpenari". "Suminduta gaude, inork ez inoiz ez esan beharko digu zer izan behar dugun", gaineratu du.
Bestalde, adingabe horren heriotza deitoratu dute Carla Antoneli (PSOE) eta Eduardo Fernandez Rubiño (Podemos) Madrilgo diputatuak. Twitter bidez Antonelik adierazi du "egun oso iluna" bizi duela, eta "bizitzak muturreraino eramaten dituzten presio sozialaren eta gorroto-ideologiaren" aurka egin du.
Zentzu berean mintzatu da Fernandez Rubiño: "ez dago eskubiderik suizidatzeraino daraman gizarte batean. Sumina eta lotsa sentitzen dut", idatzi du Twiterren.