Gizartea -
'La Manada' auzia
Milioi bat sinadura baino gehiago, epaileen inhabilitazioa eskatzeko
23:48 arte 1.136.854 pertsonak kanpaina babestu dute kanpaina. Epaiaren berri izan ondoren, 20 eskaera baino gehiago martxan jarri dituzte plataforman, gehienak Zigor Kodean aldaketak eskatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
'La Manada'ko bost kideak epaitu dituzten Nafarroako Lurralde-auzitegiko magistratuen inhabilitazioa eskatzeko, milioi bat sinadura baino gehiago bildu dituzte dagoeneko. Sexu-erasoa baztertu, eta sexu-abusu zigorraren berri izan ondoren, kanpaina abian jarri zuten ostegunean.
23:48 arte 1.136.854 pertsonak kanpaina babestu dute kanpaina Change.org plataforman.
Bost akusatuek “indarkeria eta larderia” erabili ez zutela ebatzi du epaimahaiak. Bakoitzari bederatzi urteko espetxe-zigorra ezarri diete epaileek, 2016ko sanferminetan gazte bati sexu-abusuak egiteagatik.
Santiagoko (Galizia) Alba Mariñok bultzatu du kanpaina, eta hasiera batean 300.000 sinadura biltzeko asmoa zuen, plataforma digitaleko testuan berak azaldu zuenez.
Mariñoren ahotan, “indarkeria matxista arazo hain larria” duen herrialde batean, “sexu-erasoa izateko, bost gizonezkok babesgabe eta mozkor dagoen emakume gazte bati eraso egitearekin nahikoa ez dela uste duen epailerik ezin da egon”.
Bestalde, beste eskakizun batek 548.296 sinadura bildu ditu, “'Manada' gehiagorik ez. Prebenitzeko eskolak derrigorrezko bigarren hezkuntzan” lelopean. Hezkuntza Estatu Itunaren markoan, “emakumeen duintasunaren aurkako jokabideak saihesteko” sexu eduki berriak barneratzea eskatzen du ekimenak.
Era berean, sententziaren berri izan ondoren, 20 eskaera baino gehiago martxan jarri dituzte plataforman, gehienak Zigor Kodean sexu abusu eta erasoen inguruko aldaketak eskatzeko.