Gizartea -
AUZITEGI KONSTITUZIONALA
Konstituzionalak ez du onartu Martxoaren 3ko auzia artxibatzearen kontrako helegitea
Ez du tramitera onartu Arabako Batzar Nagusiek aurkeztutako helegitea. Martxoak 3 elkartea Estrasburgora jotzea aztertzen ari da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Konstituzionalak ez du tramitera onartu Arabako Batzar Nagusiek 1976ko martxoaren 3ko gertaerak ikertzeko auzia artxibatzearen kontra aurkeztutako babes helegitea. Egun horretan, bost langile hil ziren Gasteizen karga polizialetan. Beraz, Konstituzionalak baztertu egin du 1976ko martxoaren 3ko gertakariak ikertzeko aukera.
Abenduaren 5eko data duen Konstituzionalaren erabakiaren arabera, helegiteak ez dira garrantzitsuak Konstituzioaren ikuspegitik.
Martxoak 3 elkarteak Auzitegi Konstituzionalaren "inpunitate frankista" salatu du. Aldi berean, Espainiako Estatuan "borondate falta" salatu du, nazioarteko zuzenbidean giza eskubideen alorrean dituen ardurak betetzeko.
Bestalde, Martxoak 3 elkarteak iragarri duenez, auzia Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegira eramatea aztertuko du helegitea aurkeztu duten erakundeekin batera.