Gizartea -
Gertaera
Lapurreta, Ibon Urrengoetxea indarrez hiltzearen hipotesi nagusia
Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du, gertaerak argitzeko asmoz. Susmagarriak 18 urte inguruko bi gazte dira; antza denez, horietako batek rastak ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Lapurretak jarraitzen du izaten Ibon Urrengoetxea indarrez hiltzearen hipotesi nagusia, Ertzaintzaren arabera. Halaber, herritarren laguntza eskatu du, gertaerak argitzeko asmoz, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Urrengoetxearen heriotzaren egoera ikertzen jarraitzen du Ertzaintzak. Gertaerak ostiral goizaldean izan ziren, 04:15 aldera, Bilbon, Nafarroa kalearen eta Ripa kalearen arteko lotunean. Heriotzaren 'eragile nagusia' lapurreta izan dela dio Ertzaintzaren ikerketak, biktimak ez zuelako diru-zorrorik.
Ertzaintzak informazioa eskatzen jarraitzen du. Ustezko hiltzaileak 18 urte inguruko bi gazte dira; antza denez, horietako batek rastak ditu.
Gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko asmoz, inguruan izan diren lekukoen laguntza eskatu du. Halaber, ostiral goizaldeko ordu horretan erasoren bat jasan duten pertsonak harremanetan jartzeko eskatu du Segurtasun Sailak.
Norbaitek kasu honekin zerikusia duen informaziorik edo daturik izango balu, 112 telefono zenbakira deitu beharko luke.