Gizartea -
IBILALDIA 2017
Milaka lagun, 39. Ibilaldian
Igande honetan hartuko du Mungiak Bizkaiko ikastolen aldeko jaia. Herri horretako Larramendi Ikastolaren 50. urteurrenarekin bat egingo du aurtengo ospakizunak.
EITB.EUS
Mungiak eman dio ongietorria Ibilaldia 2017ri. Durangoko Kurutziaga Ikastolari lekukoa hartu ziotenetik, prestaketa lanek ez dute etenik izan Larramendi Ikastolan. Badute eskarmentua lan horretan, 1998an ere Mungian ospatu baitzen Ibilaldia.
Igande honetan tenperatura altuak aurreikusi dituzte, eta baliteke termometroek 30 eta 35ºC arteko balioak harrapatzea, baxuenak kostaldean; izan ere, egunaren erdiko orduetan, haizea ipar-mendebaldera aldatuko da. Arratsaldean, zaparrada trumoitsuak botatzeko probabilitatea handitu egingo da.
Bizkaibusek zerbitzu bereziak jarriko ditu
Garraio publikoan Ibilaldira etortzeko aukera ezin hobea eskaini du Bizkaibusek. Bilbotik, Bermeotik, Bakiotik, Sopelatik, Plentziatik eta Gernikatik Mungiara irteten diren autobus zerbitzuek maiztasun handiagoa izango dute igande honetan. Halaber, Mungiara hurbilduko diren milaka euskaltzaleen itzulera errazteko antzeko maiztasunak jarriko dituzte. Zerbitzu bereziak Bizkaibusen webgunean kontsultatu daitezke.
Jai parekidea eta jasangarria
"Izan zirelako gara eta garelako izango dira esaldiari jarraituz, orain dela 50 urte Larramendi Ikastola bultzatu zutenen ondarea 50 urte barru izango direnek izan dezaten aldeko lana egunerokoa dela erakutsi nahi dugu Ibilaldian, urte osoko ekintza ere baitelako. Ez dadila katea apurtu", esan dute antolatzaileek.
Jaia morez tindatuko dugu aurten ere. Iazko Durangoko Ibilaldiak egindako ekarpena eta lana aintzat hartuz eta hari jarraipena emanez, "eragile moreek" Ibilaldi honetan ere "eraso gabeko jaia" izateko egingo dute lan, "begirada zorroztuta eta belarriak erne izanda".
Eraso sexistak eta jarrera desegokiak atzeman eta ekiditeko zaintza lana egingo duten boluntarioak dira "eragile moreak", eta peto more bat eramango dute, erraz ezagutzeko moduan.
Ingurumena zaintzeari ere berebiziko arreta eskainiko dio Ibilaldiak. Besteak beste, antolatzaileek erabiliko dituzten ibilgailuak elektrikoak izango dira, mugikortasun jasangarria aldarrikatzeko, eta garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute. Hondakinen kudeaketari dagokionez, birziklatzearen aldeko mezua zabalduko dute; edukiontzi ezberdinak jarriko dira ibilbidean zehar, eta ur eta argi-indar gutxiago erabiltzeko neurriak hartu dituzte.EgitarauaAntolatzaileen arabera, egitaraua osatzerakoan "pertsona guztiak izan ditugu gogoan, denentzako ekitaldiak proposatzeko". "Elkarlanaren ondorioz, musika, jokoak, ikuskizunak, tailerrak, kirola, dantza, animaliak, literatura eta abar izango dira Mungiako Ibilaldi honetan. Egitarau herritarra, parekidea eta parte-hartzailea landu dugu", azpimarratu dute.
Gazteen inplikazioa bilatzeko, Erronka izeneko proba izango da aurten. Erronkaren helburua 14-16 urteko gazteek festa egunean parte-hartze aktiboa izatea da, eta horretarako hainbat proba egingo dituzte. "Proba bizi eta zirraragarriak izango dira, taldeka gainditu beharrekoak. Hainbat herritako ikasleek egun paregabea igaroko dute elkarrekin, eta, gainera, ikastolen jaira hurbiltzen direnei ikuskizun ederra eskainiko diete", zehaztu dute.
Ibilbidea eta guneakMungia eta Larramendi Ikastola batuko ditu aurtengo ibilbideak, Mungiako bidegorria oinarri hartuta. 5,7 kilometroko ibilbidean, lau gune izango dira:
- EGUNERO, Larramendi Ikastolan
- ERDU, Iturbaltzagako auzoan
- ALKARREGAZ, Atelan
- JAIO, Mungiako erdigunearen hasieran
Omenaldia eta lekukoaHasierako ekitaldia 09:30ean izango da, Larramendi Ikastolan. Ikastolak 50 urte betetzen ditu aurten, eta lehen promozioko ikasleek ebakiko dute zinta. "Ikaslea hezkuntza sistemaren ardatz jarri dugu oraingo honetan, eta baita orain 50 urte ere, ikasleak izan baitira beti gure izatearen arrazoia. Orduko ikasleak batuko ditugu, eta seguru gauza asko dituztela oroitu eta kontatzeko", esan dute gaurko aurkezpenean.11:15ean, bigarren ekitaldi bat antolatuko da Larramendi Ikastolan. Ordu erdi iraungo duen ekitaldi horretan, Larramendi Ikastolak lekukoa pasatuko dio 2018ko Ibilaldia antolatuko duen Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastolari.