Gizartea -
Titulu multimodala
Bilboko Metroko, Bizkaibuseko eta Euskotreneko tarifa berriak
Martxoaren 8tik aurrera Bizkaiko hiru garraiobide nagusiak erabiltzeko txartel multimodal berriak erabili ahal izango dira. Gaur egun indarrean daudenak apirilaren 5ean desagertuko dira.
Eitb.eus
Martxoaren 8tik aurrera Bizkaiko hiru garraiobide nagusiak (Bilboko Metroa, Euskotren eta Bilboko tranbia) erabiltzeko txartel multimodal berriak erabili ahal izango dira. Gainera, Bizkaian erroldatuta dauden 26 urtetik beherako gazteek Bizkaibusen bidaiatzeko aukera izango dute titulu multimodal horrekin.
Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) tarifa berrien inguruko xehetasunak eman ditu ostegun honetan. Aldi baterako tituluak Barik pertsonalizatuetan erabili daitezke, eta gaur egun indarrean dauden tituluak (Gazte Bizkaibus edota Gazte Metro Bilbao) apirilaren 5ean desagertuko dira.
Gauzak horrela, martxoaren 7a izango da gaur egun indarrean dauden tituluak kargatzeko azken eguna. Dena dela, Bizkaiko Garraio Partzuergoak jakinarazi duenez Bilboko Metroaren urteko titulua ez da desagertuko.
Hauek dira martxoaren 8tik aurrera eskura egongo diren titulu multimodalen tarifa berriak:
- Bidai 50: Aldi baterako garraio titulua da, 50 bidaia egiteko balio egunetik aurrera eta, gehienez, 30 egunetan. Metro Bilbaon, Euskotrenen, Bilboko Tranbian eta Larreinetako Funikularrean erabil daiteke. Tarifak: 32 euro (gune 1); 37,80 euro (2 gune); 43 euro (3 gune); 57 euro (4 gune) eta 79 euro (5 gune).
- Bidai 70: Aldi baterako garraio titulua da 70 bidaia egiteko balio egunetik aurrera eta, gehienez, 30 egunetan. Metro Bilbaon, Euskotrenen, Bilboko Tranbian eta Larreinetako Funikularrean erabil daiteke. Tarifak: 38 euro (gune 1); 44 euro (2 gune); 50 euro (3 gune); 63 euro (4 gune) eta 85 euro (5 gune).
- Gazte 70: Aldi baterako garraio titulua da, Bizkaiko edozein udalerrian erroldatuta dauden 26 urtetik beherako pertsonentzat. 70 bidaia egiteko balio egunetik aurrera eta, gehienez, 30 egunetan. Bizkaibusen, Metro Bilbaon, Euskotrenen, Bilboko Tranbian eta Larreinetako Funikularrean erabil daiteke. Tarifak: 32 euro (gune 1); 37 euro (2 gune); 42,7 euro (3 gune); 52 euro (4 gune) eta 60 euro (5 gune).
- Bidai ORO: Bere hasiera datatik aurrera 30 egunetan bidaia kopuru mugagabea egiteko garraio titulua da. Metro Bilbaon, Euskotrenen, Bilboko tranbian eta Larreinetako Funikularrean erabil daiteke. Tarifak: 46 euro (gune 1); 51 euro (2 gune); 56 euro (3 gune); 71 euro (4 gune) eta 93 euro (5 gune).
- Gazte ORO: Aldi baterako garraio titulua da, Bizkaiko edozein udalerrian erroldatuta dauden 26 urtetik beherako pertsonentzat eta 30 egunetan bidaia kopuru mugagabea egiteko bere hasiera datatik aurrera. Bizkaibusen, Metro Bilbaon, Euskotrenen, Bilboko Tranbian eta Larreinetako Funikularrean erabil daiteke. Tarifak: 39 euro (gune 1); 43 euro (2 gune); 47 euro (3 gune); 61 euro (4 gune) eta 81 euro (5 gune).