Gizartea -
Bilbo
Termibuseko behin-behineko geltokia, martxan
Autobusek errei bat izango dute Gurtubai kalean, dagokien nasa zein den zehaztu arte zain egoteko.
Agentziak | Erredakzioa
Termibusek Bilbon duen geltokiaren azken eguna izan da ostirala. Izan ere, goizaldean zabaldu dute Bilboko geltoki intermodala eraiki bitartean martxan egongo den behin-behineko geltokia. Ostiral gaua da bidaiari gutxien izaten dituena, eta horregatik hautatu du otsailaren 25ekoa Bilboko Udalak.
Termibus "zaharretik" gertu dago aldi baterako geltokia, eta 18 hilabetez egongo da martxan. Bidaiarien eta autobus lineen beharrak asetzeko "zerbitzu guztiak" ditu geltoki berriak. Gaur, 06:00ak inguruan atera da bertatik lehendabiziko autobusa. "Udalak eginahalak" egin ditu zirkulazioan izango dituen ondorioak ahalik eta gehien apaltzeko.
Autobusentzako errei bat Gurtubai kalean
Behin-behineko geltokiak 4.000 metro koadroko lur eremua hartuko du. Nasak (20) arrain baten hezurduraren itxuran antolatuko dira, eta autobusak aparkatzeko sistema operatibo ere berria izango da. Orain arte ez bezala —autobus bakoitzak bere lekua zuen—, autobusei heldu ahala emango zaie lekua.
Geltokiaren sarbidean hesi elektronikoa eta matrikula irakurgailu bat paratu dituzte. Izan ere, nasa egokitu arte, zain egon beharko dute autobusek, eta horretarako errei bat gorde zaie Gurtubai kalean.
Halaber, Perez Galdos kaleko bi erreiak zabalik egongo dira. Taxiek euren lekua izango dute: 12 plaza finko eta bidaiariak jasotzeko beste hiru.
Zerbitzu berdinak
Orain arteko Termibusen errepide bidez garraiatzeko eskaintzen diren zerbitzuen artean, geltokiko zerbitzu osagarriak ere egongo dira behin-behineko honetan: kafetegia, kontsigna, leihatilak, informazioa, itxaron-gela… Zerbitzu horiek nasen ondoko erakineko beheko eta lehenengo solairuetan egongo dira.
Geltokiko aterpean kutxazain automatikoak, billeteak erosteko bederatzi makina eta sakelakoak kargatzeko guneak izango dira.
Behin-behineko geltokiak 24 orduko zaintza zerbitzua eta 8 segurtasun kamera izango ditu eta poliziaren presentzia nabarmena izango da. Wifia ere izango dute bidaiariek.
Eta 18 hilabete geroago... intermodala
Garellanoko geltoki intermodala errepideko garraioaren Bilboko eta Bizkaiko geltoki intermodala izango da, bertan elkartuko baitira tranbia, hurbileko trenak, bizkaibusak, bilbobusak, metroa, taxiak eta autobusak. Horrez gain, Abandoko geltokiaren osagarri izango da, geltoki hori trenbideetako garraioko geltoki intermodala izango baita.
Martxoan hasiko dira geltoki "zaharra" kentzen, eta indusketa lanak, maiatzean. 18 hilabeteren buruan amaitu behar dute.
Lurpeko geltoki intermodala funtsezkoa izango da auzoaren eta hiriaren garapenean zein etorkizunean. Ez da autobusen joan-etorririk egongo ez lur gainetik ez Luis Briñas kaletik eta, hala, bertako trafikoa baino ez da egongo. Sarbidea Gurtubai kaletik izango du eta ingurunean izango dituen eraginak gutxituko ditu. Gainera, 7.500 metro karratu libre geratuko dira, bertan plaza bat egiteko.