Gizartea -

Kereila, artxibatuta

Gasteizko epaitegian elkarretaratzea deitu du Martxoak 3 elkarteak

Martxoaren 2an epaitegi aurrean biltzeko deia egin du, frankismoko hilketen "inpunitatea" salatzeko eta nazioarteko araudia bete dadila eskatzeko.

Prentsaurrekoaren une bat. Argazkia: Martxoaren 3ko Biktimen Elkartea.
Martxoaren 3ko Biktimen Elkartearen prentsaurrekoa.
Prentsaurrekoaren une bat. Argazkia: Martxoaren 3ko Biktimen Elkartea.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoak 3 biktimen eta senitartekoen elkarteak elkarretaratzea deitu du martxoaren 2rako, eta bertan parte hartzeko gonbita egin die herritarrei, elkarteei, politikariei, eta, batez ere, sindikatuei. Bilkurak bi helburu izango ditu, elkarteko kideen esanetan: frankismoaren hilketen "inpunitatea" salatzea eta nazioarteko araudiak giza eskubideen inguruan dioena betetzeko eskatzea.

1976ko martxoaren 3ko hilketa lazgarrien 41. urtemuga da aurtengoa. Egun hartan, langileen protesta batean parte hartzen ari ziren bost pertsona hil zituen tiroz Espainiako Polizia Armatuak. Hildakoez gain, ehunka lagun zauritu zituzten sarraskian. Oraindik, baina, ez dute inor zigortu egun hartan Arabako hiriburuan gertatutakoagatik.

Elkarretaratzea Gasteizen egindako prentsaurreko batean iragarri dute Andoni Txasko Martxoak 3 elkartearen bozeramaileak eta Nerea Martinez elkarteko kideak. Jacinto Lara Giza Eskubideen aldeko Espainiako Elkartearen ordezkaria eta Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Aurkako Auzirako Euskal Plataformaren bozeramailea ere izan dira agerraldian.

Sarraski hura dela eta Arabako erakundeek aurkeztutako kereila artxibatzea erabaki du berriki Gasteizko Instrukzioko 3. Epaitegiak, eta ingurumaria horretan egingo dute protesta. Agerraldian egon direnek gogor salatu dute ebazpena.

Epaileak argudiatu duenez, 1976ko hilketak ezin dira genozidio eta gizateriaren aurkako krimen gisa hartu, delituok 2003an gehitu baitziren zuzenbide penalean. Horrez gain, sarraskia jazo zenetik 40 urte baino gehiago pasatu direnez, delituak preskribatuta daudela ebatzi zuen.

Hiru elkarte hauen ustez, ordea, delituok ez dira preskribatu, ez behintzat nazioarteko zuzenbideari erreparatuta. Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Aurkako Auzirako Euskal Plataformaren bozeramailearen esanetan, Espainiako Estatuak eta justiziak nazioarteko araudiaren arabera jarduteko "borondaterik eza" erakutsi dute "beste behin ere".

Martxoak 3 elkarteak kereilak aurkezten jarraituko duela berretsi, eta sarraskia Bruselan eta Nazio Batzuen Erakundean salatuko duela azpimarratu du. Bide judiziala agortutakoan, berriz, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira joko dutela iragarri du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Gasteiz Albisteak Urtemuga martxoak 3 Frankismoa albisteak Memoria historikoa albisteak Zaramaga gaur Polizia abusuen biktimak