Gizartea -
Osakidetzaren datuak
Pertsona bat hil da eta 18 kasu larri izan dira gripeagatik, Euskadin
Gripe kasuak gero eta gehiago dira Euskadin, eta batik bat 0tik 14 urte arteko umeei eragiten diete.
Agentziak | Erredakzioa
Gero eta gripe kasu gehiago daude Euskadin, batik bat 14 arte dituzten umeen artean, Osakidetzak jakitera eman duenez. Denboraldia hasi zenetik pertsona bat hil da eta 18 kasu larri izan dira.
Prentsa ohar batean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Zerbitzuak azaldu duenez, azken astean tasa 222,9 kasutakoa da, 100.000 biztanleko.
Gehien 0 eta 4 urte arteko taldeei eragiten die, 1.262 kasurekin, baita 5etik 14 urte artekoei ere, 990 kasurekin 100.000 biztanleko.
Denboraldiaren hasieratik, 18 kasu larri izan dira gripeagatik ospitaleratu dituztenak, batez beste 66 urte dituztela; horietatik % 55,6 emakumeak dira. Bost pertsona ZIUn sartu behar izan dituzte, eta pertsona bat hil da, osasun arazo kronikoengatik eta arrisku faktoreengatik.
Hain zuzen ere, ospitalean sartu dituzten pertsonen % 83ek gripearen arrisku faktoreak edota 64 urtetik gora zituzten.
3.650 kontsulta
Osakidetzako lehen arretako sareak 3.650 kontsulta izan ditu gripeagatik. Lurraldeka, Araban izan dira gehienak: 264,7 kasu 100.000 biztanleko; Bizkaian 130,8 kasu, eta Gipuzkoan 182,5 kasu.
Osasun Sailak arrisku taldeetako pertsonei txertatzearen garrantzia azpimarratu die, gripeak “konplikazio larriak” ekarri ditzakeelako, eta heriotza ere eragin dezakeela gaineratu du.
2016an, txertaketa kanpainak urriaren 17tik abenduaren 17ra arte izan behar zuen, baina urteko azken eguneraino luzatu zuten.