Gizartea -
Indarkeria matxista
Kartzelatu egin dute Lezon adingabe bat bortxatzen saiatu zen gizona
Ustezko erasotzailea 30 urtekoa da eta iraganean bederatzi aldiz atxilotu izan dute, hainbat delitugatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Guardiako Epaitegiak kartzelatu egin du uztailean Lezon (Gipuzkoa) ustez adingabe bat bortxatzen saiatu zen gizona.
Epaileak gaur galdekatu du, eta, ondoren, Martutenen espetxeratzea agindu du, Segurtasun Sailak baieztatu duenez.
Bortxaketa saiakeraren ustezko egilea hainbat aurrekari dituen 30 urteko gizonezko bat da, eta atzo atxilotu zuten Donostian.
Uztailaren 24an, adingabe bat etxetik atera zen, eta gizon bat gerturatu zitzaion, sexu erasoa egiteko asmoz. Nolanahi ere, hainbat auzokidek galarazi egin zuten erasoa, eta gizonak ihes egin zuen.
Neskaren gurasoek salaketa jarri zuten orduan, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen.
Gizona bederatzi aldiz atxilotu eta sei inputatu izan dute iraganean, hainbat delitugatik.
__________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.