Gizartea -
Berdintasuna
Genero arloko estereotipoak gazteen artean diraute, Emakundek dioenez
Azterlanak dioen bezala, kirola eta festa gizonen hegemonia indartzen duten bi esparru dira.
Agentziak | Erredakzioa
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak asteazken honetan, uztailak 6, argitaratu duen azterlanean jasotzen den bezala, euskal gazteen bizitzaren esparru askotan generoaren arloko estereotipoak eta modelo klasikoak indarrean daude.
Azterlanaren izenburua honakoa da: “Desberdintasunaren aurreko jarraitutasunak, gatazkak eta hausturak: gazteak eta genero-harremanak Euskadin”. Testuan zehar irakur daitekeenez, kontraesan “argia” dago berdintasunari buruzko teoriaren eta praktikaren artean, baina aldaketak eta hausturak ere antzeman dituzte genero-nortasuna finkatutako jarraibideetatik kanpo eraikitzen ari diren gazteengan.
Ikerketa gauzatu ahal izateko, Euskadi bizi diren 102 gazte elkarrizketatu dituzte, 15 eta 30 urte bitartean dituztenak. Lanaren ondorio nagusia ondorengoa da: “euskal gazteen artean generoaren arloko estereotipoak eta modelo klasikoak indarrean diraute”, batez ere, lan esparruan, kirolean, jai giroan, bikote harremanetan, irudi estetikoan eta denbora librean (lonjetan eta lokaletan).
Era berean, euskal gazteek emakumearen nortasunaren funtsezko zatitzat hartzen dute amatasuna. Halaber, bereizi egiten dira oraindik “emakumearen lantzat” eta “gizonen lantzat” hartzen direnak. Horrek zuzeneko harremana du, beste faktore batzuen artean, ikasketak eta lanbideak ezberdin hautatzearekin.
Gainera, ikerketak jasotzen duenez, kirola eta festa gizonen hegemonia indartzen duten bi esparru dira.
Alde horretatik, Izaskun Landaidak Emakunderen zuzendariak dio futbolak eragin handia duela gizartean eta horren bidez irudikatzen diren erreferenteak zeintzuk diren kontuan izan behar direla.
Alabaina, genero-nortasun propioa eraikitzen ari diren gazteen lekukotasunak ere daudela dio txostenak, euren bizi-proiektua aurretiaz ezarritako jarraibide tradizionaletatik kanpo diseinatzen ari direnak. Baina maskulinitate hegemonikoaren zirkuluetatik kanpo esparruan bizi nahi duten gazteak ‘frikiak’ deituak izateko arriskua hartzen dute.