Gizartea -
ARTEA ETA HISTORIA
Euskal baleazaleei gorazarre Bermeon
Bermeoko Talan egiten ari diren mural erraldoiak (lau metroko altuera eta 80 metroko zabalera) baleen harrapaketak herrian izan zuen garrantzia ekarriko du gogora. Hilabete barru amaituko dute.
Maider Beistegi | EITB.EUS
Bermeoko portuan amarratuta dagoen 'Aita Guria' baleontziak 'bidelaguna' izango du uztailetik aurrera. Orioko 'Beti Aita Guria' itsasontzia oinarri hartuta eta XVII. mendeko planoak erabiliz egin zuten 2006an, Bermeori itsasoari lotutako beste ondare bat emateko. Arrantzari lotutako herriak, bada, beste interesgune bat izango du aurki, udalerriaren goialdean, Ogoño mendiaren eta Izaro uhartearen bista ederrak ikusten diren tokian, hain justu. Lau metroko garaiera eta 80ko zabalera duen koadroa margotzen ari dira egunotan Luis Olaso eta Oscar Martin artistak. Balearen arrantza irudikatuko duen mural erraldoiak 20 irudi historiko erakutsiko ditu, eta bermeotar baleazaleei gorazarre egingo die.
Bermeoko Udalak enkargatutako lana asteartean abiatu zuten bi margolariek, eta hilabete barru amaituta izatea espero dute.
Adreilu gorriko pareta erraldoia zuriz margotu dute, eta mihise handi baten itxura du oraingoz. Alde batean, beltzez irudikatutako marrazki lausotu bat ikus daiteke, kolore margulduak dituena. "Bermeoko armarria egiten ari gara", dio Olasok. "Paretak 4x4ko 20 horma-zati ditu, zutabeen bidez banatuta. Horma bakoitzean, argazkietan eta balearen arrantzari buruzko antzinako ilustrazioetan oinarritutako 10 irudi pintatuko ditugu. Irudi bakoitzaren eskuinean, ostera, testuak joango dira, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez", azaldu du Luisek.
Balearen arrantzak berebiziko garrantzia izan du Bermeoko bizitzan eta ekonomian; Bermeoko armarria da horren adierazgarririk garbiena. Herriaren historian jazotako gertakizunik garrantzitsuenak islatzen dira bertan. Bi otso, bizardun burua, baleontzi bat eta, lau arrantzale atzetik eta arpoian duen marinela aurretik dituela, ihes egin nahian dagoen balea bat ageri dira armarrian. Bermeoko historiaren gertakizunak eta zertzeladak agertzen ditu, horrenbestez: herribildu modura eratu zela, Bizkaiko buru izan zela, arrantzari lotuta egon dela beti, eta gure lurralde historikoko herri guztien artean lehentasuna izan zuela. Hain justu, irudi horretatik abiatuko da Olaso eta Martinen murala.
"Armarria izango da abiapuntu, eta hortik aurrera hezurmamituko da kontakizuna: balearen ehiza, arrantzaleen janzkerak, balea bera, ehizarako erabiltzen zituzten tresnak, Bermeoko Tala?".
XIII. mendetik euskal arrantzaleek Bizkaiko golkoan egiten zuten balearen arrantza eta arrantzaleak zelatan egoten ziren talaietatik, baleak ikusiz gero abisua emateko. Arrantzaleak arraun eginez joaten ziren eta arpoiak erabiliz harrapatzen zituzten. "Baleen ehiza azaltzeko lau margo egingo ditugu. Kalean ikusgai izango den museo txiki bat egin nahi dugu, zuri-beltzeko margoen bidez aspaldiko ohitura eta bizimodu hau erakusteko", azaldu du artista bizkaitarrak.
Hilabete emango dute bi artistek koadroa margotzen. 11:00etan jartzen dituzte margoak dantzan, eta arratsaldera arte ari dira lanean. Egunero eramaten dituzte murala egiteko behar dituzten tresna guztiak (pintura akrilikoa, pintzelak eta brotxak), eta aldamioa jarri ondoren ekiten diote lanari. ?Inprimazioa eman ondoren ekiten diogu lanari, formen eskemak egiteari lehenengo, kolore ilunak erabilita hasieran, eta grisak eta kolore argiagoak emanda gero?, zehaztu dute.
Jende asko dabilen tokia izanda, bisitari andana hurbiltzen zaizkie, galdezka. "Herritarrak propio etortzen zaizkigu, eta galdera asko egiten dizkigute, ez baita oso ohikoa egiten ari garena. Gainera, oraingoan, bost metroko altuera eta lauko zabalera duen aldamioa erabiltzen ari gara, lurretik nahiko gertu dagoena, eta horrek herritarrengana gerturatu egiten gaitu", Olasoren berbetan.
Ikerketa
Aingeru Astui Kultura zinegotzi eta Bermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendariaren laguntza izan dute murala egiteko. ?Gai honen inguruan eskarmentu handia du Astuik, eta bere laguntza garrantzitsua izan da. Murala egiteko oinarri bezala erabiliko ditugun irudi batzuk artxibotik ateratakoak dira, beste batzuk antzinako grabatuak eta ilustrazioak dira. Udalak narrazioaren haria zehazten egin du lan, eta guk ikuspuntu estetikoa eman diogu.
Konplexua
Orain arte egin duten lanik zailena da, eta badira 40 bat mural Euskal Herrian Olasoren eskuek eginak. "Tamaina handiko 10 marrazki egin behar ditugu, eta irudiok zailtasuna dute. Asmo handiko proiektua ederra da, finean, Bermeoko historiaren zati bat eramango dugulako orain arte adreiluz eginda zegoen horma mutu batera".
Zortziak jo ditu. Aldamiotik jaitsi eta tresnak batzeko unea da. Bihar amaituko dute muralaren lehen horma-zatia, eguraldiak uzten badu.
(Murala egiteko oinarri hartu dituzten irudietako batzuk)