Gizartea -
PROTESTA, GURUTZETAN
Haur lapurtuen senideek dokumentazioa exijitu diete osasun zentroei
Itxaropena haur lapurtuen elkarteak elkarretaratzea egin du Gurutzetako Ospitalearen atarian: 'euren umeen historia klinikoa' eskatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Itxaropena ume lapurtuen elkarteak Gurutzerako ospitaleari zein gainerako euskal osasun-etxe guztiei desagertutako beren senitartekoen jaio zireneko mediku-historiak ematea eskatu die gaur.
Itxaropena elkarteko hainbat kidek elkarretaratzea egin dute larunbat arratsalde honetan ospitaleko sarreran, umeen desagertzeak argitu daitezen. Irakurri duten manifestuan kritikatu egin dute Gurutzetako ospitaleak zein beste zentro batzuek ez dizkietela mediku-historiak ematen datuen babeserako legearen betearazpenaren "aitzakia" erabilita.
"Biktimek gure historialak edota gure senide zuzenenak eskatzen ditugu; ondorioz, interesdun alderdi gisa aitortu behar gaituzte eta aipatu agiri horiek eman", eskatu dute.
Itxaropenako bozeramaileen esanetan, historialak ematen ez badizkiete, osasun-arduradunak "gure seme-alabengandik edo anai-arrebengandik banatu gintuztenen konplizeak izango dira".
"Jakin dezatela senideak elkarturik borrokatzen ari garela eta sekula ez dugula men emango. Oraintsuagoko kasuetan gurasoak edota adoptatutakoak berak dira borrokari aurre egiten ari direnak; zaharrenetan, berriz, asko dira gure gurasoei txanda hartu diegunak, eta ez gara geratuko gureak aurkitu arte", ziurtatu dute euren manifestuan.