Gizartea -
Nafarroan
Beste lau sexu-eraso salatu dituzte Lodosan eta Iruñean
Salaketa horietako baten ondorioz, gizon bat atxilotu dute ustez adingabe bati urtebetez asteburuetan egindako sexu gehiegikeriak egotzita.
agentziak | erredakzioa
Azken egunotan Lodosan eta Iruñean izandako lau sexu eraso ikertzen ari dira Foruzaingoa eta Iruñeko Udaltzaingoa. Lau kasuetan biktimek jarri dute salaketa, eta bi ustezko egile atxilotu dituzte.
Lehen erasoaren berri larunbatean jaso zuen Foruzaingoak Nafarroako hiriburuan. Senitarteko batek urtebetez asteburuetan egindako sexu gehiegikeriak salatu zituen adingabe batek foruzainen aurrean.
Salaketa jarrita eta zegozkion osasun txostenak atestatuan jasota, ustezko erasotzailea atxilotu zuen Foruzaingoak. Iruñeko 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiaren esku geratu da gizona.
Lodosako kasuari dagokionez, ostiralean jazo omen ziren erasoak. Ezagun batek bortxatu zuela salatu zuen emakumeak osasun etxean.
Biktimak jarritako salaketaren arabera, ustezko erasotzailea Lizarrako auzokidea da.
Emakumea Lizarrako Garcia Orcoyen ospitalera eraman zuten, protokoloari jarraituz, eta erasotzailea atxilotu zuten.
Joan den ostiralean gertatutako beste sexu eraso bat ikertzen ari da Foruzaingoa. 29 urteko emakume batek Iruñeko etxe batean izandako sexu erasoa salatu du, alde zaharreko taberna batean gazte bat ezagutu eta berarekin joan ostean.
Biktimak emandako datuak hartuta, Foruzaingoa salaketa ikertzen ari da.
Azkenik, Iruñeko Udaltzaingoa San Joan auzoan gazte batek asteburuan salatutako laugarren sexu eraso bat ikertzen ari da.
Diskoteka batetik ateratzean eraso egin zion emakumeari gero ihes egin zuen gazte batek.
Udaltzainak gaztearen bila ari dira, igandean salaketa jazo zutenetik.
Ildo horretan, joan den astean bertan, Iruñeko Udalak jakinarazi zuen %30 indartuko dituela aisialdi guneetako Udaltzaingoaren asteburu gaueko patruilak, sexu erasoak saihesteko.