Gizartea -
SEXU-ABUSUAK
Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohia auzipetu dute, sexu-abusuengatik
Ikasle bati sexu-abusuak egiteagatik auzipetutako irakasle ohiari 10 urteko kartzela-zigorra ezar liezaiokete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaileak auzipetu egin du Leioako Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohi bat, ikasle bati sexu-abusuak egitea egotzita. Gainera, kasua Bizkaiko Auzitegiaren esku utziko du, epaiketa egiteko prozesua abiarazteko.
'Gaztelueta auzia' ikertzen ari den Getxoko instrukzioko epaitegiko magistratuak argitaratutako autoaren arabera, Opus Deiren ikastetxeko irakasle ohiak sexu-abusuak egin zizkion zantzuak daude, eta, leporatutako delitua frogatuz gero, 10 urterainoko espetxealdia ezar liezaiokete.
Orain, auzi honetako bi aldeek egun batzuk izango dituzte ebazpen horren aurrean errekurtsoak aurkezteko. Helegiterik jarri ezean, epaileak Bizkaiko Auzitegiaren esku utziko du kasua, irakasle ohia epai dezaten.
Imanol Goyarrola zuzendariak Gaztelueta ikastetxearen webgunean publikatutako ohar baten bidez eman du auzipetzearen berri.
“Akusazioaren larritasuna ikusita eta instrukzio fasea amaituta, esperotakoa da epaileak hartutako erabakia”, adierazi du oharrean.
Gaztelueta ikastetxeko zuzendariak azpimarratu du Gazteluetak "beti" babestu duela egia osoa ezagutzeko beharrizana, "esparru juridikoaren baitan eta esku-hartze mediatikorik gabe". Horrenbestez, auzi hau argitzeko, Gaztelueta "instituzio guztiekin lankidetzan aritzeko prest" agertu da.
Orain hilabete batzuk, Vatikanoak artxibatu egin zuen salaketa horren berri izandakoan bere kabuz egin zuen ikerketa.
10 urtera arteko espetxe-zigorra
Gazteluetako irakasle izandakoari 10 urtera arteko espetxe-zigorra ezarri ahal diote, autoan zehazten denez. Idatzi horren arabera, biktima, egun, adinez nagusia da eta "trauma ondorengo estresa" du.
Gertatutakoarekin lotutako datuak aztertu ondoren, "sexu-abusu delitu jarraitua" egon zitekeela adierazten duten zantzuak egon badaudela uste du epaileak, eta horiek epaiketan frogatu beharko direla. Autoak jasotzen duenez, irakasleak bere "nagusitasun-egoera erabili" zuen, ustezko sexu-abusuak egiteko. Horren aurrean, lau eta hamar urte arteko kartzela-zigorra eska dezakete auzipetuarentzat.
Ikerketan biktimaren eta haren familiaren, ustezko erasotzailearen eta ikastetxeko zuzendariaren eta beste irakasleen lekukotzak hartu dira. Biktima artatu duten adituen txosten teknikoak ere jaso dira.
Bost eguneko epea dute aldeek, helegiteak aurkezteko.