Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen bikotekideei eraso egitea egotzita
33 eta 39 urteko bi gizon atxilotu dituzte Abetxukon eta Aranbizkarran, bikotekideei seme-alaben aurrean eraso egitea leporatuta.
Agentziak | Erredakzioa
33 eta 39 urteko bi gizon atxilotu dituzte Gasteizko Abetxuko eta Aranbizkarra auzoetan, bikotekideei seme-alaben aurrean eraso egitea leporatuta. Lehenak hiru seme-alaben aurrean egin zuen erasoa, eta bigarrenak bi seme-alaben aurrean.
Lehen atxiloketa iragan ostiralean egin zutela jakitera eman du gaur Udaltzaingoak. Abetxuko auzoko bizilagunek bikote baten eztabaida beroaren berri eman zuten.
Udaltzainak bertaratu zirenean emakume bat aurkitu zuten. Biktimak begietan eta aurpegian indarkeria zantzu nabariak zituen.
Bekaitz zelako senarrak hiru seme-alaba adingabeen aurrean eraso egin ziola azaldu zuen emakumeak. Ustezko erasotzaileak gertatutakoa onartu egin zuen. Hala, emaztea beste gizon batekin engainatzen ari zela uste zuela esan zien udaltzainei.
Gizona atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Bitartean, beste patruila batek emakumea osasun zentro batera eraman zuen, zauriak bertan sendatzeko.
Bigarren erasoa
39 urteko gizonezkoa larunbatean atxilotu zuten, bi seme-alaba adingabeen aurrean bikotekideari eraso egiteagatik.
Gertakariak Valladolid kaleko etxebizitza batean jazo ziren. Bizilagunek abisua eman ondoren, Udaltzaingoa bertaratu zen. Gizon eta emakume baten arteko eztabaida beroaren berri eman zuten bizilagunek.
Udaltzainek emakumearekin hitz egin zuten. Bikotekideak aurpegian jo zuela adierazi zuen biktimak. Gizonak onartu egin zuen eta atxilotu zuten.