Gizartea -

Indarkeria matxista

Gasteizko erasotzailearen musika eskolek 'atsekabea' agertu dute

Gainera, Arabako Batzar Nagusiek gaitzetsi egin dituzte Gasteizko erasoak.

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko "Jesus Guridi" Musika Kontserbatorioak eta Aguraingo Zortziko Udal Musika Eskolak "atsekabea" agertu dute astearte honetan, Gasteizen gizonezko batek emakume baten eta horren 17 hilabeteko alabaren aurka egindako erasoak direla eta. Izan ere, gizona musika irakaslea zen zentro horietan.

Ohar batean, zentroek "arbuioa" adierazi dute, "gertakizun tragiko" horien aurrean.

Halaber, "giza eskubideak, elkar errespetua, bizikidetza eta berdintasuna" defendatzen dituztela gogorarazi dute, eta, horrenbestez, aipatutako erasoak euren printzipioen aurkakoak direla deitoratu dute.

Erasotzailea irakaslea izateak "larritasun handiagoa" ematen dio gertatutakoari, musika eskolen esanetan. Horregatik, "atsekabetuta" daudela adierazi dute.

Batzar Nagusien gaitzespena

Bestalde, Arabako Batzar Nagusiek gaitzespen adierazpen bat onartu dute.

Testua lau puntukoa da, eta, horretan, gertutasuna agertu diete biktimei, eta "lehenbailehen" osatzea opa diete.

Batzar Nagusiek "arbuiatu" egin dute indarkeria matxista, eta "arazo sozial" hori "oso larria" dela nabarmendu dute, biktimek "kalte konponezinak" jasaten dituztelako.

"Emakumeen aurkako indarkeria emakumeen osotasunaren eta duintasunaren aurkako atentatua da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa onartezina da", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Indarkeria matxista Araba EAE Gizartea bideoak Gasteiz albisteak Eguneko albisteak