Gizartea -

Indarkeria matxista

Bikotekideari eraso egin eta haur bat leihotik bota du Gasteizen

Erasotzailea atxilotu dute, eta hilketa saiakera leporatu diote. Haurtxoa larri zauritu da lau bat metroko altueratik erorita. Pediatriako zainketa intentsiboetako unitatera eraman behar izan dute.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Bikotekideari eraso egin eta haurtxo bat leihotik bota du Gasteizen

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek ustez bere bikotekideari eraso egin dio eta urte eta erdiko haren alabatxoa etxeko leihotik bota du Gasteizen. Bi biktimak zauritu dira eta ospitalera eraman behar izan dituzte, Osakidetzak agiri baten bidez jakinarazi duenez.

Erasotzailea atxilotu dute eta hilketa saiakera egotzi diote, iturrien arabera.

Gertakariak 03:40 aldera jazo dira Askatasun kaleko etxebizitza batean. Gizonak bikotekideari eraso egin dio eta, dirudienez, ondoren 17 hilabeteko haurtxoa lehen solairuko leihotik bota du.

Erasoaren nondik norakoak ikertzen ari dela baieztatu du Ertzaintzak, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Ertzaintzak bikotearen harremana zer nolakoa zen oraindik ez daki. Gaueko bilera puntuala izan ote den edo aurretik elkar ezagutzen ziren ez dute zehaztu.

Askatasun kalea Artium museotik hurbil dago. 14 zenbakiko atalondoaren inguruak sokaz inguratu ditu Ertzaintzak. Leihoaren kristalak hautsita eta odol hondarrak ikus daitezke bertan.

Gizona emakumearekin izan duen borrokaldian zauritu da. Une batean elkarri eraso egin diote eta biak arin zauritu dira.

Gasteiz emakumeen aurkako indarkeria efe

Argazkia: EFE

Neskatxa ZIUn

Haurtxoa larri zauritu da lau bat metroko altueratik erorita. Umetxoa pediatriako zainketa intentsiboetako unitatera eraman behar izan dute, Radio Euskadik aurreratu duenez.

Hasiera batean, 17 hilabeteko neskatila Santiagoko ospitalera eraman dute, baina gero Gurutzetako Pediatria ZIUra eraman behar izan dute burezurreko traumatismo larria duelako, Osakidetzak azaldu duenez. Neskatxaren "bizitza salbatu" ahal izango dutela adierazi du Jon Darpon Osasun sailburuak.

18 urteko ama Txagorritxuko larrialdietara eraman dute. Emakumeak traumatismo ugari ditu.

30 urteko gizona Santiagoko ospitalera eraman du Ertzaintzak. Aurpegian zauriak zituen, baina dagoeneko itxi dizkiote. Psikiatriak azterketa egin behar dio.

Gasteiz emakumeen aurkako indarkeria efe

Argazkia: EFE

"Oihuak entzun ditugu eta Ertzaintzari abisua eman diot"

“Oihuak entzun ditugu eta Ertzaintzari abisua eman diot”, azaldu du auzoko batek. Bere etxeko leihora atera eta aurreko etxebizitzako lehen solairutik zerbait erortzen ikusi duela adierazi du lekukoak, baina “panpina” zela pentsatu du.

Bikotearen oihuak oso ozenak ziren eta iskanbilak bizilagunak esnatu ditu. Bikotearen eztabaida beroa ikusi du emakumeak: “Elkarri bultzatzen zioten”.

“Mendekua hartuko dut”, entzun duela uste du lekukoak, baina gizonak edo emakumeak esan duen argi ez duela zehaztu du.

Gertakari dramatikoa 13:00etan aztertuko du Gasteizko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak.

Genero indarkeriak haurrengan dituen ondorioez ohartarazi du Save the Children erakundeak

Euskadiko Save the Children erakundeak erasoak gaitzetsi ditu, eta indarkeria matxistak haurrengan dituen ondorioez ohartarazi du. Haren hitzetan, "haurren giza eskubideen urraketa izugarria da".

Erakundeak haurren kontrako indarkeria mota guztiak salatu ditu eta genero indarkeriaren biktima diren haurren babesa bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak erabiltzea eskatu du.

"Erakundeek eta gizarteak jabetu behar dute zeinen garrantzitsua den indarkeria erabiltzen ez den etxe batean haztea, Save the Children erakundeak ohar bidez jakinarazi duenez. Bestalde, aipaturiko erakundeak sinadura bilketa hasi du haurrak indarkeria mota guztiengandik babesteko dituen legeak egitea eskatzeko alderdi politikoei eta Espainiako Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Eguneko albisteak Matxismoa gaur Umeak albisteak gaur Erailketak albisteak