Gizartea -
Osasunbidea
Nafarroako emakumeek osasun sistema publikoan abortatu ahalko dute
Hala aurreratu dio ETBri Fernando Dominguez Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak. Urte amaierarako neurria indarrean egotea nahi dute.
ETB | EITB.EUS
Nafarroako emakumeek Osasunbidea osasun sistema publikoan abortatu ahalko dute, Fernando Dominguez Nafarroako gobernuko Osasun kontseilariak ETBri aurreratu dionez.
Gobernu berriaren asmoa da neurria urte amaierarako indarrean egotea, orain arteko penalizazioarekin eta pribatizazioarekin bukatuta. Izan ere, une honetan zentro pribatuetan edo beste erkidego batzuetan abortatu behar dute emakume nafarrek.
Dominguezek azaldu duenez, sistema publikoan baliabide nahikoa dago horretarako, bai profesionalak eta baita teknikoak ere. Kontseilariak uste du kontzientzia-eragozpena ''aitzakia'' izan dela, eta, argitu du orain arte ginekologo bakar batek bakarrik jo duela bere burua kontzientzia-eragozle.
Fernando Dominguezen hitzetan, ''borondate'' kontu bat da, eta uste du Nafarroako sozialistek begi onez ikusiko dutela neurria. Horren harian, PSNren babesa izatea espero du.