Gizartea -

Hilketa matxista Cuencan

Morateren familia: 'Ez dago basakeria hau barkatzerik'

Bi neskak hil omen dituen gizona "gorrotagarria" dela esan dute ohar baten bidez, eta Del Hoyo eta Okarynskaren familiei doluminak helarazi dizkie.

Kandelak piztu dituzte Laura del Hoyoren etxebizitza aurrean, dolua adierazteko. EFE
Kandelak piztu dituzte Laura del Hoyoren etxebizitza aurrean, dolua adierazteko. EFE
Kandelak piztu dituzte Laura del Hoyoren etxebizitza aurrean, dolua adierazteko. EFE

E.G | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei eguneko isiltasuna hautsi du Sergio Morate Cuencako bi neskaren hilketarekin lotutako susmagarri nagusiaren familiak. Facebook sare sozialean jarritako ohar batean, hilketa matxista gaitzetsi du, eta Laura del Hoyo eta Marina Okarynska biktimen senitartekoei doluminak eman dizkie. "Ez dago basakeria hau justifikatzerik edo barkatzerik", esan du.

Muebles Chillaron Morateren familiak duen altzari dendaren fan pagean eskegitako oharraren bidez, Sergiori berari, Poliziari, kazetariei eta bi nesken senitartekoei zuzendu zaie. Horrez gain, xingola beltz bat ipini dute orrialdearen profileko argazki gisa, eta Laura eta Marina izenak jarri dizkiote.

"Ez dakigu zein deabruk hartu zintuen, baina jakizu bi neska horiek hiltzeaz gain, haien familia eta zurea izan zena ere hil dituzula. Ez dago basakeria hau justifikatzerik edo barkatzerik", adierazi du bi emakume horien ustezko hiltzailearen familiak.  "Espero dugu laster topatzea eta betiko kartzelatzea. Agian, zeure onera etorriko zara orduan, eta konturatuko zara zeure burua ere hil duzula", erantsi dute.

Comunicado familia Sergio Morate hilketa matxista Cuenca. Facebook

Familiak Facebooken eskegitako oharraren zati bat.

Del Hoyo eta Okarynskaren guraso eta anai-arrebei zuzendutako mezua da denetan luzeena: "Albiste gabe igarotzen genituen egun amaigabe bakoitzean genuen larritasuna, zalantza eta sufrimendua jasangaitza zen bakoitzean, zuekin akordatzen ginen, eta lotsa ematen zigun kexatzea. Gurea mina handia bazen, ezin dugu zuen agonia imajinatu ere egin", agertu dute.

Morate eta Garces familiaren aburuz, ez da egokia eurak dolu ekitaldietan egotea, "akaso gizon gorrotagarri hori gogoraraziko dizuegu", argudiatu dute. Dena dela, biktimen hiletan eta haien omenezko ekitaldietan egoterik ez badute ere, eurekin egongo dira "galdutako biziek utzitako atsekabeagatik".

Poliziari emandako tratua eskertu diote Sergio Morateren senitartekoek, eta Poliziak aholkatuta egon direla isilik azaldu dute. Hilketaren "erruduna edo errudunak" lehenbailehen harrapatzea espero dutela erantsi dute. Sei egun hauetan "min gehiago posible ez zenean mina areagotu duten gezur zitalak" zabaldu dituzten kazetariei ere mezua helarazi die familiak. "Etika arriskuan duten" kazetari horiei "euren metodoen inguruan hausnarketa egiteko" eskatu die; izan ere, "gizarteak nahikoa munstro ditu", eta komunikabideek "euren kontrako mezuak zabaldu behar dituzte, berriak ondo emanez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Delituak bideoak Espainia bideoak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Mundu matxista Erailketak albisteak