Gizartea -
Adierazpenak
Emakunde: 'Atera dezagun jaietatik emakumearen aurkako indarkeria'
Izaskun Landaida Emakumearen Euskal Erakundeko presidentearen iritziz, kontzientziatzea handiagoa da eta, ondorioz, kasu gehiago salatzen dira: "Herritarrek ez dute beste toki batera begiratu nahi".
Agentziak | Erredakzioa
Izaskun Landaida Emakundeko presidenteak deia egin du, jendeak lan egin dezan jaietan eta aisialdiko guneetan "emakumearen aurkako edozein indarkeriak inolako tokirik ez izateko".
Radio Euskadiri egindako eta Europa Pressek bildutako adierazpenetan, Landaidak nabarmendu du lana egiten ari dela, "emakumeen mugimendutik eta erakundeetatik, udaletatik kasu", Euskadiko herri eta hirietako jaiek "errespetuan, berdintasunean eta autonomian" oinarritzeko.
Landaidaren iritziz, "kontzientziatzea handiagoa da eta, ondorioz, kasu gehiago salatzen dira; herritarrek ez dute beste toki batera begiratu nahi". Haren esanetan, eraso sexistekin gertatzen da "askotan ez zaiela benetan duten garrantzia ematen, eta horrelako egoerak normalizatu egiten dira".
Kontzientzia handiagoa den heinean, horretan lan egin ahala, emakumearen kontrako indarkerien kasuak salatzen dira, horren arabera. "Eta hori da, hain zuzen, egin behar duguna: jaiak eta aisialdiko guneak, oro har, eraikitzaileak izan behar dira, eta errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritu. Emakumeen aurkako indarkeria ezin da inola ere agertu", esan du.
Erasotzaileak, oso gazteak
Landaidak nabarmendu du erasotzaileen artean batzuk oso gazteak direla: "Gizarteak, orokorrean, gure konpromisoa berritu beharko luke, gazteei bidaltzen diegun mezuaren gainean. Indarkeriaren aurkako gure konpromisoa berritu behar dugu, eta guztiok hartu behar dugu konpromiso hori. Guztiok egin ditzakegu ekarpenak, handiak, zero tolerantziarako bide honetan".
Halaber, Izaskun Landaidak esan du komeni dela topaguneak bilatzea Gasteizen, mugimendu feministaren eta blusa eta nesken batzordearen artean; izan ere, ustez, blusa batzuek hitzez eraso zioten emakume gazte bati.
"Ez dakit zehazki zein izango litzatekeen neurririk onena kasu honetan. Nire iritziz, ondo legoke kuadrilla eta mugimendu feminista biltzea, hausnarketa egin eta hitz egiteko aukera izan dezaten", esan du. Emakundeko presidentearen ustez, "positiboagoa, pedagogikoagoa eta konstruktiboagoa" litzateke, beharrezko aldaketak egiteko.