Gizartea -
Immigrazioaren drama
Etorkinen trafikoaren kontrako berehalako operazioa eskatuko du EBk
Trafikatzaileen "ontziak identifikatu, harrapatu eta suntsitzeko" konpromisoa agertu dute 28 herrialdeetako estatuburuek.
Agentziak | Erredakzioa
Europara bidean, Mediterraneoa zeharkatzen duten etorkin-trafikatzaileen kontrako operazioa "berehala" abiatzeko eskatuko diote gaur Europar Batasuneko (EB) 28 herrialdeetako estatuburu eta gobernuburuek Federica Mogherini goi ordezkariari.
Buruzagiek aparteko bilera dute gaur Bruselan, azken astean Mediterraneoan 1.000 etorkin hil izanak sortutako krisiari erantzuteko asmoz.
"Nazioarteko Legearen baitan, helburu hori duen segurtasun eta defentsa operazioa prestatzen hasi ahal da jada Europako goi ordezkaria", ageri da 28ek adostutako zirriborroan.
"Trafikatzaileek erabili baino lehen, euren ontziak identifikatu, harrapatu eta suntsitzeko konpromisoa agertu nahi dugu", jasotzen du testuak.
Horrez gain, 2015 eta 2016. urteetan "Triton" eta "Poseidon" itsas zaintzarako operazioetara bideratutako diru partida halako bi gutxienez izatea nahi dute EBko buruzagiek. Etorkinak bilatzeko eta erreskatatzeko baliabide gehiago izatea da asmoa, baina betiere Frontex erakundearen gidaritzapean.
Fabrice Leggeri Frontexeko zuzendariondokoak azaldu duenez, bere proposamena honakoa da: "Italia hegoaldean eta Maltan Mediterraneoko uretan airezko zaintza berehala handitzea. Hala, jada inguruan dauden ontziek etorkinak bilatu eta erreskatatzeko baliabide gehiago izango dituzte". Europako agentzia honek "milaka lagun salbatu ditu Mediterraneoan. Frontexek bere jardunean jarraituko du, hori baita bere egitekoa", Leggeriren esanetan.
Asilo-eskubidea aitortzen zaien horiei bizilekua ematen dieten estatuei (batez ere, Alemaniari) laguntzeko asmoz, herrialdeen arteko elkartasuna indartzea ere proposatuko dute EBko 28 herrialdeetako estatuburuek.
Horrez gain, immigrazioaren presio handiena jasaten duten herrialdeei, Italiari kasu, laguntza handiagoa ematea eskatuko dituzte buruzagiek.