Gizartea -

Eguzki eklipsea

Hodeiek eklipsea estali dute Euskal Herrian

Eguraldi txarrak oztopatu egin du Euskal Herritik eguzki eklipsea ikustea. Dena dela, argazki onenak erakusten dizkizuegu, fenomenoa gal ez dezazuen.

Eklipsea Svalbarden (Norvegia). EFE
Eklipsea Svalbarden (Norvegia). EFE
Euskal Herriko leku gutxitan ikusi ahal izan da eklipsea

1:34

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguraldi kaskarrak galarazi egin du eguzki eklipse partziala Euskal Herian ikustea, hasiera batean euskal hiriburu guztietatik ikusi ahalko zela zabaldu arren.

Ilargia Lur planetaren eta Eguzkiaren artean kokatzen denean gertatzen da eguzki eklipsea. Euskal Herrian ikusgai izango dena, baina, ez da eklipse osoa izango, ilargiak ez baitu gurean erabat estaliko eguzkia.

Fenomenoa 09:09an hasi da Euskal Herrian, eta 11:25ean bukatu. Eklipsearen une gorena 10:14an izan da.

Hasiera batean, hainbat ekitaldi antolatuta zeuden Bilbon, Donostian eta Iruñean, fenomenoa ikusteko, baina, azkenean, ezin.

2026ko abuztuaren 12ra arte ez da Euskadin eguzki eklipse bat ikusteko aukerarik izango, nahiz eta urtero-urtero eklipse partzial batzuk izaten diren (lau eta zazpi artean).

"Eklipse oso bat ikustea zaila da oso, Lurrean proiektatzen den Ilargiaren itzala oso fina baita”, azaldu du Agustin Sanchez Lavega EHUko Ingeniaritza Eskolako Espazio Gelako irakasleak.

Eklipsea Milan EFE

Eklipsea Milanen (Italia). EFE

Non ikusi dute eklipsea?

Badira, hala ere, eklipsea modu partzialean ikusi ahal izan dutenak: Europan, Afrika iparraldean eta Asia iparraldean, gehien bat.

Eguzkia oso-osorik Ilargiaren atzean ezkutatuta, Feroe Irletan besterik ez dute ikusi. Svalbardeko artxipelagoan ere modu horretan ikusi dute.

Guztira, lau ordu iraun ditu fenomeno honek: Atlantikotik hasi, Afrikako kostaldean, eta Krasnoyarsk Errusiako ekialdean amaitu da.

Eklipsea Norvegia EFE

Eklipse osoa Svalbarden (Norvegia). EFE

Nola ikusi eklipse bat

Adituen esanetan, eklipsea ezin da zuzenean begiratu, eguzki izpiek lesioak eta erredurak egin baititzakete begietan.

Horrenbestez, betaurreko berezi homologatuak erabili behar dira. Hala ere, eklipseari begiratzen hasi eta gero, ikusmena 30-40 segundo pausatu beharra dago minutu bakoitzeko.

Bestalde, eguzkira begiratzeko, material hauek ez direla erabili behar ohartarazi dute adituek: erradiografiak, kristalak, DVDak, aluminio papera eta betaurreko ilunak. Izan ere, ez dute ondo iragazten erradiazioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea bideoak EAE Eguraldia argazkiak Eguzki eklipseak gaur