Gizartea -

Gazteriari buruzko txostena

Arinago joan nahi duten arren, gazteak 30 urterekin doaz gurasoenetik

Gazteen Euskal Behatokiaren txostenaren egileen esanetan, gurasoen etxetik hain berandu joateak ondorioak ditu ongizate sisteman.

Gazteek 30 urte baino lehen joan nahi dute gurasoenetik, baina ezin dute. EiTB
Lanari dagokionez baikor, emantzipazioari dagokionez oso ezkor

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nahi eta ezin. Hala dago euskal gazteria gurasoen etxetik joateko aukerari dagokionez. Hala, Gazteen Euskal Behatokiak egindako 'Aurrera Begira 2014' txostenaren arabera, batez beste 30 urterekin joaten dira bere kasa bizitzen.

Gazteen aurreikuspenak biltzen dituen txostenaren arabera, ordea, euskal gazteria pozik bizi da (egungo egoeraren balorazioaren indizea 62koa da; baloraziorik onena 100 puntukoa da), eta, etorkizunera begira ere, iaz baino baikorrago dago. Lehentasunei buruz galdetuta, familia eta osasunari lanari eta diruari baino garrantzi gehiago ematen diete gazteek.

Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak prentsaurrekoa eman du gaur ikerketa horren nondik norakoak azaltzeko. 15-29 urte bitarteko 1.512 gazteri egindako inkestak oinarri hartuta egin dute txostena.

"Arazoa, gizarte osoarena da"

Emantzipazioari buruz galdetuta, ordea, ezkor agertu dira euskal gazteak. Hori horrela, gora egin du, % 82ra, gurasoenetik joan nahi duten gazten kopurua, eta % 75ek esan dute urtebetean behintzat ezingo dutela halakorik egin.

Jon Redondok Euskal Autonomia Erkidegoa eta Danimarka alderatu ditu, euskal gazteriaren argazkia egiteko. Horren hitzetan, Danimarkan 29 urtetik beherakoen % 16 bizi dira gurasoen etxean; EAEn, % 77. Europa iparraldeko herri horretan, batez beste, 20-21 urterekin ezkontzen dira gazteak; gurean, 30 urterekin. "Gurasoenetik 30 urterekin joaten badira, familia osatzea eta seme-alabak edukitzea ere atzeratu egiten da. Gainera, umeak ez edukitzea bada aukera, soldata duinik ez dutelako, zaila da ongizate estatuari eustea. Norbaitek ordaindu beharko du hau guztia. Arazoa gizarte osoarena da, ez bakarrik gazteriarena", nabarmendu du Jon Redondok.

Gazteak gurasoen etxetik joateko erabakian hiru faktorek eragiten dute zuzenean: hezkuntza, lana eta etxebizitza. Lehen kasuan, EAEko egoera dezente ona da: eskola-porrotaren tasa txikia da, eta goi-mailako ikasketak dituzten gazteen kopurua, handia.

Bigarrenak dakartza arazo gehien. EAEn gazteen % 28 daude langabezian. "Lanik ez badute, zelan joango dira gurasoen etxetik?", esan du Redondok.

Hirugarren faktoreak ere badu zeresanik emantzipatzeko adinean: etxebizitza ordaintzeko, gehienez ere soldataren % 40 erabiltzea gomendatzen dute adituek. Gaur egungo soldatak eta etxebizitzen prezioa kontuan hartuta, euskal gazteek alokairuan 400 euro gastatu eta 90.000 euroko etxebizitza bat erosi ahalko lukete; merkatuko prezioa, ordea, halako bi da. Beraz, aukera bakarra dute gaur egungo gazteek: etxebizitza partekatzea.

Lana topatzeko aukeraren aurrean, baikorrago

"Tunel baten barruan gaude, ezin ukatu. Gazteen langabezia-tasa oso handia da, baina argia ikusten ari gara, enplegua topatzeko itxaropena handiagoa da orain", azaldu du Gazteria zuzendariak.

Galdetutako gazteen % 74k (iaz baino 10 puntu gehiago) uste dute etorkizuna hobea izango dela, eta % 60 itxaropentsu daude lana topatzeko aukerari buruz itaunduta. Inkestan parte hartu duten 10 gazteetatik 5ek uste dute ikasitakoaren araberako lanpostua topatuko dutela.

Lana aurkitzeko atzerrira joateko beharraz galdetuta, gogoz kontra bada ere, % 14k hala egin beharko dutela uste dute. Iazko datuekin alderatuta, ordea, behera egin du beste herrialde batera joateko prest ez dauden gazteen kopuruak.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariaren aburuz, "arazoa ez da atzerrira joatea, hona bueltatzean ikasitakoa Euskadin geratzen delako. Arazoa atzerrian geratzea da, inbertsioa galdu egiten delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia 2024 Euskal Autonomia Erkidegoa Lana albisteak