Gizartea -
Audientzia orokorra
Aita santua: 'Adinekoak zaharren egoitzetan uztea bekatu larria da'
Halaber, Frantzisko aita santuak azpimarratu du adinekoak 'baztertzen' dituzten gizarteek ere bekatua egiten dutela.
Erredakzioa
Frantzisko aita santuak gaurko audientzia orokorrean ohartarazi duenez, adinekoak zaharren egoitzetan "abandonatzea" eta hainbat hilabetez horiei bisitarik ez egitea "bekatu larria da".
"Gogoan dut zaharren egoitza bat bisitatu nuen egun bat. Bertako egoiliarrekin hitz egiteko aukera izan nuen eta hainbat galdera egin nizkien. Nola zaude? eta Zure seme-alabak nola daude? Ongi, ongi. Zenbat seme-alaba dituzu? Asko. Eta etortzen al dira zu bisitatzera? Eta noiz izan zenuen azken bisita? Gabonetan. Abuztua zen! Zortzi hilabete bisitarik gabe, zortzi hilabete abandonatuta. Hori bekatua larria da, ulertu duzue?", azaldu du.
Halaber, Frantzisko aita santuak azpimarratu du adinekoak "baztertzen" dituzten gizarteek ere bekatua egiten dutela eta bere baitan dutela "heriotzaren birusa". Hala mintzatu da aita santua asteazkeneko audientzia orokorrean.
Aita santuak gaurko hitzaldian, "efizientziaren inguruan programatuta" dagoen gizarte honetan adinekoek duten "problematika"ri buruz hitz egin du.
"Adinekoen kopurua biderkatu egin da, baina gure gizarteak ez dira antolatu horiei errespetuzko tokia egiteko", deitoratu du.
Horren esanetan, gaur egungo gizartean zahartzaroaren aurrean entzungor egitera bultzatzen dituzte gazteak, "gaixotasun bat bailitzan". Halaber, gazteek adinekoak "zama" moduan ikusten dituzte. "Adinekoak herriaren jakituriaren erreserba dira", gaineratu du.
Bestalde, elkartasunik gabeko gizarte "maltzur" baten aurrean gaudela adierazi du. Horren esanetan, adinekoekiko arretan nabarmentzen da zibilizazioen arteko diferentzia. "Adinekoentzat ohorerik ez dagoen tokian, ez dago etorkizunik gazteentzat", gogoratu du.