Gizartea -

Fracking-a

Burgoseko 12 putzutan 'fracking'a erabiltzeko eskaera aurkeztu dute

BNK enpresaren proiektuan, 12 putzutan zundaketak egitea aurreikusi dute, ia denak Burgos aldean, baina Urraca proiektuaren baitan egin nahi dituzten zundaketek Arabako lurrak ere hartuko lituzke.

Fracking
Fracking
Fracking

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BNK Espainia petrolio-enpresak, BNK Petroleum kanadarraren filialak,  Burgos iparraldean frackinga erabiltzeko proposamena aurkeztu du. Lurpetik gas naturala ateratzeko, 12 putzutan zundaketak egitea proposatu dute. Troy Wagner BNK enpresak Europarako operazioetarako duen presidenteordeak aurkeztu du egitasmoa, Burgosen bertan.

Wagnerrek azaldu duenez, sei eremutan egin nahi dituzte zundaketak, hiru Urracan eta beste hiru Sedanon, horietako bakoitzean bina zundaketa-putzu jarriko lituzkete martxan. Urraca proiektuaren baitan egin nahi dituzten zundaketek Arabako lur zati bat ere hartuko lukete. Beraz, EAEko eta Gaztela Leongo gobernuei dagokie baimenak ematea.

Wagnerrek adierazi duenez,  baimenak lortuz gero,  lanak 'pixkanaka' egingo dituzte, 'bata bestearen atzetik'. Izan ere, bere hitzetan, putzu baten analisiak adieraziko du beste putzuaren toki zehatza. 'Proiektuaren helburua Burgos iparraldean gas naturala dagoela baieztatzea da', esan du.

Beharrezkoak diren baimen eta izapide guztiak eskuan izan arte, ez dutela Burgos iparraldean frackingarekin lotutako operaziorik egingo ziurtatu du.  Wagnerrek  azpimarratu du putzuak egingo dituzten herrietako udalek 300.000 eta 600.000 euro artean jasoko dutela, zerga eta tasa bidez.

Zundaketetan gas naturala atzematen badute,  produkzioaren etekinen % 1 lurren jabeentzat izango litzatekeel gaineratu du. BNK enpresaren arabera, irabazi gordina 2 eta 4 milioi euro artekoa izan daiteke putzu bakoitzeko.

Wagnerrek esan du frackinga teknika oso 'segurua' dela eta 'aukera izugarri' bat dela gas naturala izatea lurralde batentzat.  BNK enpresaren operazio guztiak legearen barruan daudela azpimarratu du, dagozkien ingurugiro baimen guztiekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea albisteak Frackinga argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Krisi energetikoa