Gizartea -
Charlie Hebdo
Aita santua: 'Onartezina da erlijioak iraindu eta haserrearaztea'
Sri Lankatik Filipinetara joan da gaur goizean aita santua. Hegazkinean, kazetariek Charlie Hebdo astekariaren aurkako atentatuari buruz galdetu diote.
Erredakzioa
Adierazpen askatasunak “mugak” dauzkala eta erlijioak “iraindu” edota “haserrearaztea” akats bat dela adierazi du gaur Frantzisko aita santuak. Ez du Charlie Hebdo astekariaren aurkako atentatua aipatu, baina horretaz aritu da hegazkinean, kazetariekin.
Bai adierazpen askatasuna baita erlijio askatasuna “oinarrizko giza eskubideak” direla azpimarratu du Frantziskok: “Lasaitasunez hitz egiteko beharra dugu, askatasun hori edukitzeko beharra, baina inor iraindu gabe”.
Sri Lankatik Filipinetara joan da gaur goizean aita santua. Hegazkinean, kazetariek Charlie Hebdo astekariaren aurkako atentatuari buruz galdetu diote.
“Bakoitzak bere erlijioa praktikatzeko eskubidea dauka, baina inor haserrearazi gabe”, adierazi du, eta Jainkoaren izenean hiltzea “aberrazioa” dela gaineratu du.
“Ez da inor iraindu behar, ez da gerrarik hasi behar, ezta erlijioaren eta Jainkoaren izenean inor hil ere”, esan die kazetariei.
“Egia da indarkeria ez dela erabili behar, baina lagun on batek nire amari buruz hitz txarrak esaten badizkit, kolpe bat espero dezake. Normala da”, azaldu du.