Gizartea -
Eusko Legebiltzarra
Ertzaintzan 'isiltasun ituna' dela uste du Cabacas familiak
Iñigo Cabacasen gurasoak Eusko Legebiltzarrean izan dira, Segurtasun eta Justizia Batzordean, eurek eskatuta. Euren abokatuekin joan dira bertara.
Erredakzioa
Ertzaintzan "isiltasun ituna" egin duten eta egungo Segurtasun Sailak horrekin bat egin duen ikertzea eskatu dute Iñigo Cabacasen gurasoek Eusko Legebiltzarrean. Halaber, gaztearen heriotza argitzeko asmoz Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzordea sortzea eskatu diete alderdi politikoei.
Manuel eta Josefina, Iñigoren gurasoak, eta euren abokatuak (Jone Goirizelaia tartean) Eusko Legebiltzarrean izan dira, Segurtasun eta Justizia Batzordean, eurek eskatuta, gaztea hil zenean ireki zuten prozesu judizialaren berri emateko eta Cabacas auziaren defentsak azaldu dituen hainbat kontutan Ganberak parte hartzea eskatzeko.
Cabacasen heriotzaren harira, Ertzaintzaren eta Rodolfo Ares buru zuen Herrizaingo Sailaren artean "isiltasun ituna" egon den ala ez argitzeko eskatu dute Manuel Cabacasek eta Jone Goirizelaia abokatuak.
Iñigo Cabacasen aitak adierazi duenez, ustez, Ertzaintzako Erne sindikatuko kideek greba egitearekin mehatxu egin zioten Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari, "balizko ituna" publiko eginez gero.
Egungo Segurtasun Sailak bere lanetatik ''bereizi'' zituen operazioan parte hartu zuten bost agente, eta Cabacasen aita erabaki horren kontra agertu da gaur. Halaber, bere semearen izena ''ezker abertzaleari mezuak bidaltzeko ez erabiltzea'' eskatu dio Beltran de Heredia sailburuari.
Iñigo Cabacasen aitak azaldu duenez, ''bizitzak ekarritako kasualitate batengatik'' aukeratu zuten Jone Goirizelaia eta abokatua ezagutu zutenean ''indartsu'' ikusi zutelako, ez haren lotura ideologikoengatik.
Familiak, bestalde, Iñigo hildakoan sentitu zuten ''bakardadea'' salatu du, eta, orduan, Elizaren, Athleticen eta Errealaren babesa bakarrik izan zutela azpimarratu du. Halaber, Rodolfo Aresen jarrera ere salatu dute, eta ''gezurra'' esan izana egotzi diote, hasieran bere laguntza eskaini ondoren ''desagertu'' egin zelako.
''Arazoak'' auziaren instrukzioan
Manuel Cabacasek eta Jone Goirizelaia abokatuak Fiskaltzak izandako jarrera ere salatu dute, horien hitzetan, ez baita auzia bultzatzen ari. Halaber, auziaren instrukzioan igarri dituzten ''arazoak'' salatu ditu familiaren abokatuak.
Ustez operatiboan parte hartu zuten ertzainek egindako grabaketak izapidean ez daudela salatu du, eta, halaber, oraindik Ertzaintzak irekitako barne espedientea zertan den ez dakitela kritikatu du.
''Neurriz kanpoko eta aurrez pentsatutako karga''
Abokatuaren hitzetan, ''argi'' geratu da operazioa ''neurriz kanpokoa'' izan zela, eta hori berau azpimarratu dute bere adierazpenetan gaztearen gurasoek ere.
Manuelek eta Josefinak ''justizia'' eskatu dute bere semearen izenean, eta Iñigoren heriotza ''aurrez pentsatuta zegoen eta beharrezkoa ez zen karga'' batek eragin zuela salatu dute.
"Gorrotoz sartu ziren'', esan du aitak. ''Basakeria izan zen. Nire semea bost metrotara zegoela hil zuten, neska bat babestu nahian ertzainei bizkarra ematen ari zitzaiela '', gaineratu du amak.
Familiarekiko elkartasuna
Alderdi guztietako ordezkariek elkartasuna adierazi diote familiari, eta gertatutakoa argitzeko desioa ere agertu dute. Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidearen esanetan, bere alderdiak ez du ''inongo isiltasun itunekin'' bat egingo, halakorik egon badago.