Gizartea -
Antsoain
Nafarroak osasun publikoaren barruan sartuko ditu abortuak
Osasun Kontseilaritzak akordioa egingo du Antsoaingo klinikarekin abortuen kostua merkatzeko eta osasun publikoaren sistemaren barruan sartzeko.
Erredakzioa
Marta Vera Nafarroako Osasun kontseilariak jakinarazi du Antsoaingo klinikarekin negoziatzen ari direla itun bat haurdunaldiak nahita eteteko ebakuntzak bertan egiteko, osasun publikoaren sistemaren barruan.
Izan ere, Kontuen Ganberak abortuen kostuak murriztea aholkatu du, eta kontseilariak Antsoaingo ospitalearekin harremanetan jarri direla esan du aholku horri erantzute aldera.
Aztertzen ari dira "Kontuen Ganberak emandako aholkua, eta horietako bat ituna egitea da, eta horretan gabiltza aurten bertan lotzeko", adierazi du Verak, haurdunaldiak nahita eteteko ebakuntzak Antsoaingo klinikan egitea negoziatzen ari direla jakinarazi aurretik.
Kontuen Ganberak txostena argitaratu zuen atzo eta bertan abortuak Nafarroako osasun publikoaren sistemaren barruan sartzearen aldeko jarrera agertzen zuen, horretarako nahikoa profesional badagoela iritzita. 1986tik ospitale pribatuek soilik egiten dituzte abortuak Nafarroan.