Gizartea -
Martxoaren 12an
Konklabea datorren asteartean hasiko da
Goizean San Pedro basilikan meza egingo dute eta arratsaldean 115 kardinal hautesleek bilera Kapera sixtinoan egingo dute.
Erredakzioa
Benedikto XVI.aren ordezkoa aukeratzeko konklabea martxoaren 12an, asteartean, hasiko da, kardinalen kongregazioak gaur erabaki duenez. Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak gaur baieztatu du.
Goizean San Pedro basilikan meza egingo dute eta arratsaldean botoa emateko eskubidea duten 115 kardinalek bilera Kapera sixtinoan egingo dute Konklabeaari hasiera emateko.
Arratsaldean lehen bozketa egingo dute, eta baita aurreneko "kea" ere.
Hirugarren milurtekoko bigarren konklabea hasteko data zortzigarren Kongregazio Orokorrean erabaki du Kardinalen Kolegioak, gaur arratsaldean Sinodoko Gela Berrian.
Otsailaren 25ean, Benedikto XVI.ak konklabea aurreratzeko baimena eman zion Kardinalen Kolegioari agiri batean.
Benedikto XVI.ak aulkia hutsik utzi zuenetik 15-20 eguneko epea zuten kardinalek konklabea hasteko, Vatikanoko araudiaren arabera.
Aita santuak datak mantendu zituen, baina konklabea aurreratzeko edo atzeratzeko askatasuna eman zuen agirian. Azkenik, kardinalek konklabea aurreratzea erabaki dute.