Gizartea -

Bosgarren bilera

Kardinalek gaur ere ez dute Konklabearen hasiera data adostu

Jean Baptiste Pham Minh Man Vietnamgo kardinala ez da Erromara heldu oraindik. Gaur arratsaldean edo bihar goizean iritsiko omen da.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kardinalek aita santu berria aukeratzeko Konklabea prestatzen jarraitzen dute Vatikanoan. Bosgarren bilera egin dute gaur goizean, eta Konklabearen hasiera data jarri gabe amaitu da batzarra, Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak jakinarazi duenez. Gai ekonomikoak, karitatea eta pobrezia izan dituzte hizpide.

Purpuradunak arratsaldean elkartuko dira berriz, 17:00etatik 19:00etara, ohiko tokian. Lombardik esan duenez, itxuraz ez omen dute oraindik Konklabearen data zehazteko bozketa egingo. Hala ere, kongregazioaren amaieran hitz egingo omen du.

Vatikanoko bozeramailearen iritziz, erabaki zuhurra eta zentzuduna da oraindik data zehaztu ez izana. Egun hauetako eztabaiden garrantzia nabarmendu du Lombardik, "behin Konklabea hasitakoan egunean lau aldiz egingo da bozketa aita santu berria erabaki arte, eztabaidatzeko eta hausnartzeko denborarik gabe".

Goizeko bilera 09:30ean hasi da, eta Kardinalen Kolegioa osatzen duten 207 kardinaletatik 152k parte hartu dute. Horietatik 114k izango dute aita santu berria aukeratzeko botoa emateko aukera.

Orotara, 115 kardinal hautesle dira, eta bat falta da Erromara iristeko, Jean Baptiste Pham Minh Man Vietnamgo kardinala, hain zuzen ere. Gaur arratsaldean edo bihar goizean helduko da Erromara, Lombardiren arabera.

Prestaketa lanak

Konklaberako Kapera Sixtinoa egokitzeko lanak hasi dituzte dagoeneko: lurra apur bat altxa dute, tarimak jarri dituzte, leihoei opakutasuna eman zaie eta bi berogailu jarri dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Aita santua bideoak Eguneko albisteak Albisteak Eliza Katolikoa