Gizartea -

Benedikto XVI.ak uko

Aita santua aukeratzeko konklabea martxoaren 15-20 artean hasiko da

Benedikto XVI.ak bi agerraldi publiko egin du aitasantutzari uko egingo diola iragarri eta gero, eta harrera beroa egin diote. ''Une berezi honetan'' elizaren alde otoitz egitea eskatu du.

Benedikto XVI.a aita santua. EFE
Benedikto XVI.a aita santua. EFE
Aita santuaren lehen agerraldi publikoa, bere iragarpenetik

2:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benedikto XVI.a aita santuak lehen agerraldi publikoak egin ditu asteazken honetan, zereginari uko egingo diola iragarri eta gero. Hain zuzen ere, aita santuak otsailaren 28an utziko du zeregina. Orduan, Aulki Hutsa hasiko da, hau da, hurrengo aita santua aukeratzeko konklabea deitzeko beharrezkoa den pausoa. Konklabea, berriz, martxoaren 15-20 artean hasiko da.

Harrera beroa Benediktori

Benedikto XVI.a aita santuak lehen agerraldi publikoa egin du gaur goizean zereginari uko egingo diola iragarri eta gero.

Hain zuzen ere, aita santuak asteazkenetako audientzia eskaini du, Vatikanoaren Paulo VI.a aretoan. Bertan, aitasantutzari "askatasun osoz eta Elizaren onerako" egin diola uko adierazi du.

Ekitaldiaren partaideek harrera beroa egin diote Benediktori.

"Anaia-arreba maiteok. Dakizuenez, uko egin diot Jainkoak 2005. urteko apirilaren 19an eman zidan ministerioari. Askatasun osoz eta Elizaren onerako egin dut, luze otoitz egin eta Jainkoaren aurrean kontzientzia aztertu eta gero", adierazi du, 10.000 jarraitzaileren aurrean.

Joseph Ratzingerrek esan duenez, "jakin badakit egindakoa garrantzitsua dela, baina ez dut ministerioa gauzatzeko indar nahikorik".

Jarraitzaileek txalo-zaparrada handia eskaini diote. Hainbat adituren arabera, azken hilabeteetan Benediktori eskainitako harrera beroena izan da.

Vatikanoak martxorako espero du aita santu berriaren izendapena.

Errauts eguneko ekitaldiak, Vatikanoan

Aurreko urteotan Santa Sabina basilikan egin izan ditu errauts eguneko ekitaldiak aita santuak, baina, gaur, San Pedro basilikan, Vatikanoan bertan egin ditu urteroko elizkizunak, jende gehiagok parte hartzeko aukera izan dezan.

Milaka lagun bertaratu dira, aita santuaren agendan aldaketarik ez badago Benedikto XVI.aren azken elizkizun publikoa izango baita gaurkoa.

Ekitaldian zehar, ''une berezi honetan'' elizaren alde otoitz egitea eskatu du aita santuak.

Iragarpena egin ondoren jendaurreko bigarren agerraldia du Benedikto XVI.ak.

Konklabearen data

Bestalde, hurrengo aita santua hautatzeko konklabea martxoaren 15 eta 20 artean hasiko da, Federico Lombardi Vatikanoaren bozeramaileak iragarri duenez.

Benedikto XVI.aren uko ofiziala otsailaren 28ko 20:00etan izango da, eta une horretan bertan hasiko da Aulki Hutsa.

Vatikanoaren arauen arabera, konklabea Aulki Hutsa hasi eta 15-20 egunera hasi behar da, kardinalek Erromara joateko denbora nahikoa izan dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Aita santua Albisteak Gaur Eguneko albisteak Eliza Katolikoa