Gizartea -
Iparraldeko Ikastolen Elkartea
Seaskak manifestazioa deitu du larunbaterako, Hendaian
Frantziako Gobernuak Baionan duen ordezkariak Hendaiako ikastola berriari dirurik ez emateko agindu ondoren, mobilizazioak hastea erabaki dute. Debeku-agindua idatziz jaso du Hendaiako Udalak.
Erredakzioa
Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkarteak manifestazioa deitu du datorren larunbaterako Hendaian, Frantziako Gobernuak Baionan duen ordezkariak Hendaiako ikastolari diru- laguntzarik ematea debekatu duela salatzeko. 17:00etan abiatuko da martxa.
Gaur arratsaldean azaldu dute mobilizaziorako proposamena, kazetarien aurrean, Seaskako arduradunek.
Izan ere, Frantziako Gobernuak Baionan duen ordezkariak gutun bat bidali dio Hendaiako alkateari, bertako ikastola berria eraikitzeko ematekotan ziren diru-laguntza legez kanpokoa dela gogoratzeko. Gainera, diru-laguntzak ematen badituzte Hendaiako Udalak Estatuko laguntzak gal ditzakeela esaten du gutunak.
Gobernuaren helburua Falloux legea betearaztea da. 1850. urteko arau horren arabera, ezin zaie eskola pribatuei, kasu honetan ikastolei, inolako diru publikorik eman.
Egun, Seaskako 30 ikastoletako 25ek dute, era batera edo bestera, herriko etxeen laguntza.