Ekonomia -

LAN-ESKAINTZA PUBLIKOA

Ertzain eta udaltzainentzako 643 plazako lan-eskaintza bateratuan izena emateko epea ireki dute

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean izena emateko epea ireki dute, eta 20 egun baliodun egongo da zabalik.

Ertzainak, kalean. Argazkia: Segurtasun Saila
Ertzainak, kalean. Argazkia: Segurtasun Saila

Ertzainak, kalean. Argazkia: Segurtasun Saila

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehiaketa-oposizioan parte hartzeko interesa duten pertsonek dagoeneko izena eman dezakete Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean. Bertan izango dute inprimaki ofiziala eta normalizatua, eta, gainera, oposizioko ariketak zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi dituzten ere adierazi beharko dute.  

Plaza horietako bat betetzeko aukera izateko, izangaiek honako baldintzak bete behar dituzte: 18 urte baino gehiago eta 38 baino gutxiago izan behar dituzte; Batxilergoko titulua, kidekoa edo goragoko maila bateko titulua izan behar dute, eta lortu nahi den plazaren baldintza guztiak bete behar dituzte.

Izena emateko epea 20 egun baliodunetan egongo da zabalik.  Plaza ia guztietan euskararen B2 maila eskatuko da.

Aurreikuspenen arabera, 2026. urtearen amaieran hasiko dute praktiketako zerbitzua.

Ertzain eta udaltzainentzako 643 postuko Lan-eskaintza Publiko (LEP) bateratua deitu dute Eusko Jaurlaritzak eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak. Ostiralean zabaldu da izen-ematea, eta 20 eguneko epea izango da horretarako.

Gasteizen egindako agerraldian eman dituzte deialdiaren xehetasunak Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eta Esther Apraiz Eudelen presidente eta Derioko alkateak. Zehaztu dutenez, baliteke eskainitako plaza kopurua handitzea, "hautaketa-prozesuak irauten duen bitartean plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean". Oraingoz, Ertzaintzarako 473 plaza deitu dira, eta 170, udaltzain izateko, 22 udalerri hauetan: Abanto (2), Zornotza (3), Andoain (2), Aretxabaleta (1), Azkoitia (1), Bakio (1), Barakaldo (12), Basauri (3), Bilbo (67), Elgoibar (2), Erandio (1), Etxebarri (1), Getxo (1), Irun (1), Lasarte (2), Ortuella (1), Portugalete (8), Tolosa (3), Trapagaran (4), Gasteiz (48), Urretxu (2) eta Zarautz (4).

Jaurlaritzak eta udalek elkarrekin deitu duten seigarren eskaintza bateratua da honakoa, Zupiriak nabarmendu duenez. Horren hitzetan, "esperientziak erakutsi du" deialdi bateratuak egitea "beharrezkoa" dela, besteak beste, "poliziak zerbitzu publiko hobea emateko" eta "erronka berriei aurre egiteko".

Ildo beretik, Apraizek esan du deialdi bateratuek "prozesuak azkartzea" ahalbidetzen dutela, eta "Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko koordinazioa" areagotzen dutela. Udalek euren borondatez hautatu dezaketela erantsi du.

Berrikuntza gisa, deialdi honetan, hautagaiek aukera izango dute Arkautiko formazio prozesua euskaraz edo gaztelaniaz egiteko (eurek aukeratuko dute), eta prestakuntzak iraun bitartean akademian egin beharko dute lo, "ertzainen eta udaltzainen arteko kohesioa, elkarren ezagutza eta lankidetza sustatzeko".

Hitzarmena

Joan den astean sinatu zuten Ertzaintzaren 2025-2028rako akordio arautzaile berria. Hitzarmen horri esker, besteak beste, gutxienez 4.200 euro gordin gehiago jasoko ditu urtero ertzain bakoitzak.

ErNE, Esan eta SIPE sindikatuen —gehiengoa dute Ertzaintzan— oinarrien % 72,59k basbestu zuten Segurtasun Sailarekin izenpetutako akordioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Gasteizko Udala Donostiako Udala Ertzaintza Herriak eta Hiriak Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak